Larunbatean, 18:30etan
Alavesek Reala hartuko du Mendizorrotzako lehen derbian
Agentziak | Erredakzioa
Denboraldiko bigarren derbia lehenengoa izango da bi taldeentzat. Larunbatean 18:30etan izango dira aurrez aurre.
Alaves eta Reala aurrez aurre arituko dira, larunbatean 18:30etan, denboraldi honetan Mendizorrotzan jokatuko den lehenengo derbian. Gasteizko zelaia bete egindo da, eta festa giroak inguruak berotuko ditu.
Bi taldeak dinamika desberdinetan murgilduta daudela helduko dira derbira. Etxekoek Ligako lehenengo garaipena lortu zuten Levanteren aurka, eta horrek indarra eman zien. Reala, aldiz, ez da ondo ibili azken jardunaldietan.
Zazpi jardunaldi behar izan ditu Alavesek lehenengo puntuak eskuratzeko. Ordura arte gol bat besterik ez zuen sartu, eta entrenatzailez aldatu zuen. Gianni de Biasik, ziurrenez, ez du Levanteren aurka aritu zen taldeari aldaketa handirik egingo.
Bojan Krkic prest dago jokatzeko, eta Munirrekin batera aritzeko aukerak dauzka, hasieratik. Hector Hernandez, Victor Laguardia eta Tomas Pina baja dira.
Bi taldeek Mendizorrotzan jokatu dituzten azken hamaika neurketetan, 1963tik, Alavesek bat galdu du eta beste batean berdinketa lortu du.
Realak, bestalde, oreka handiagoa nahi du atzean. Azken jardunaldietan sartu dizkioten golek Ligako hasiera bikaina geldiarazi dute.
Eusebiok defentsa sistema entrenatu du Ligako geldialdian, baina ezin izan du Iñigo Martinez berreskuratu. Bizkaitarra gizon garrantsitzua da atzean, baina oraindik ez du entrenamendu oso bat egin taldekideekin, eta ez dago deialdian.
Hiru jokalari Espainiako selekzioekin partida handiak egitetik datoz: Asier Illarramendi eta Alvaro Odriozola, absolutuarekin, eta Mikel Oyarzabal, 21 urtez azpiko selekzioarekin.
Entrenatzaileak ezin izango du David Zurutuzarekin jokatu, lesionatuta dagoelako, eta Igor Zubeldia ala Ruben Pardoren artean hautatu beharko du.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Alaves: Pacheco; Vigaray edo Alexis, Ely, Maripan, Duarte; Manu Garcia, Dani Torres; Pedraza edo Bojan, Medran, Ibai Gomez; eta Munir.
Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Navas, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Xabi Prieto; Oyarzabal, Willian Jose eta Juanmi.