0-2
Reala, garaile Mendizorrotzako derbian
M. D. | eitb.eus
Alavesek arriskua sortu du kontraerasoan. Reala hobeto aritu da bigarren zatian, eta Oyarzabalek eta Aritz Elustondok azken txanpan sartutako golek garaipena eman diote.
Reala Alavesi gailendu zaio denboraldi honetan Mendizorrotzan jokatutako lehenengo derbian, Oyarzabalek eta Aritz Elustondok azken ordu laurdenean sartutako golei esker.
Azken lau jardunaldietan irabazi gabe egon ostean, Realak bukaera jarri dio bolada txarrari. Alaves, ordea, puntu barik geratu da, garaipen bakarrarekin.
Derbi giro ona izan da Gasteizen eta harmailetan ?beste geraerek zapuztuta?, eta partida erritmo handiarekin hasi da. Zelaian, bi taldeek lehenagotik aurreikusitako gidoia jarraitu dute.
Baloia izan du Realak, bere jokoari esker eta baita Alavesek utzi diolako ere, baina nagusitasun hori ez da oso eraginkorra izan lehen zatian. Sakontasuna lortzeko zailtasunak izan ditu. Lehen abisua etxekoek egin dute: Maripanen burukada bat korner jaurtiketa batean.
Realak pilota izan arren, Pachecok ez du geldiketa asko egin behar izan. 25. minutuan, babazorroen atezainak kornerrera bidali du Juanmik areatik kanpo jaurtitutako baloi bat.
Intentsitatea protagonista izan da lehen zatian. Donostiarren nagusitasuna izanda, Alaves ondo irten da kontraerasoan, eta arrisku handia sortu die kanpokoei. Aukera argiena Alavesena izan da, Munirren erremate altu batekin Pedrazaren jokaldi azkar baten ostean, ordu erdira.
Markagailua hutsean, Alaves pozik joan da aldageletara; Reala, hala moduz.
Atsedelandiaren ostean, neurketak erritmo bizia izan du, eta bi taldeek jokaldiak bukatu nahi izan dituzte, area batetik bestera.
Babazorroek defentsa indartu dute, oso ondo atzean, baina minutuak pasa ahala, Realak sartzea lortu du. Bost minutuan garaipena itxi du. Lehenengo, Oyarzabalen jaurtiketa batekin, 76.ean. Geldiezina Pachecorentzat. Eta etxekoek erantzuna emateko denborarik gabe, Aritz Elustondok bigarrena egin du, aldaratze bat aprobetxatuta garaipena ziurtatuz.
13 puntu ditu Realak, eta Alavesek 3rekin jarraitzen du.
FITXA TEKNIKOA
Alaves: Pacheco, Alexis, Maripan, Ely, Duarte; Dani Torres (Bojan, min. 79. min), Manu Garcia; Ibai Gomez (Vigaray, 63. min), Medran (Katai, 63. min), Pedraza; eta Munir.
Reala: Rulli; Odriozola, Aritz, Llorente, Kevin Rodrigues; Illarramendi, Zubeldia, Xabi Prieto; Juanmi (Januzaj, 66. min), Oyarzabal (Canales, 87. min) eta Willian Jose.