2-0, Betisen aurka
Alavesek denboraldiko zortzigarren porrota jaso du
Erredakzioa
Arabako taldeak 2-0 galdu du Betisen aurka Benito Villamarin estadioan. Sanabriak aurreratu du Andaluziako taldea lehen zatian eta Alexisek bere atean sartu du gola, azken txanpan.
Alavesek 2-0 galdu du Betisen aurka Benito Villamarin estadioan eta burua altxa ezinda jarraitzen du. Ligako bederatzi jardunalditan zortzi porrot jaso eta garaipen bakarra eskuratu du talde babazorroak.
Arabako taldeak gogotsu ekin dio norgehiagokari eta Adan atezainaren ate ingurura iritsi da bigarren minutuan, arrisku handiegirik sortu gabe. Pixkanaka, Arabako taldea atzean sartzen hasi da, eta Betis horretaz baliatu da lehen abagunean, 1-0ekoa sartzeko. Andaluziako taldeak jokaldi ona lotu, Barraganek erdiraketa jarri, eta Sanabriak gola sartu du. Golaren ostean Betis izan da jaun eta jabe. Alaves ezinean ibili da, eta ez du abagunerik sortu. Betisek pare bat abagune izan ditu lehen zatiaren amaieran, baina Pacheco atezainak ondo erantzun dio Joaquinen jaurtiketari eta Sanabriak kanpora bidali du erremate bat.
Bigarren zatia bizi hasi da. Betisek abagune argia izan du 48. minutuan, baina Pacheco atezainak gola eragotzi du Camarasaren erremateari erantzun bikaina emanda. Azkar etorri da Alavesen erantzuna; Adan atezainak Arabako taldearen gola eragotzi du Pedrazaren erremate ona desbideratuta. Abagune honen ostean etorri dira Alavesen beste gol-aukera argi bi; Vigarayk gora bidali du errematea 58. minutuan eta Adan atezainak erantzun bikaina eman dio Medranen falta jaurtiketari, 63. minutuan. Alaves partidako unerik onenean egon denean, aldeko falta bat izan du, Betiseko defentsak baloia atera, kontraerasoa sortu, eta Telloren erdiraketa Alexisek desbideratu du, gola bere atean sartuta (2-0). Partidako 75. minutuan etorri da Betisen bigarren gola eta ordutik aurrera Andaluziako taldea izan da jaun eta jabe. Azken txanpan, Pacheco atezainak eragotzi egin du Alavesek gol gehiago jasotzea. Neurketako azken abagunea Alavesentzat izan da, baina Adan nagusi izan da Katairen aurkako buruz-burukoan.
Fitxa teknikoa:
2 - Betis: Adan; Barragan, Mandi, Amat, Tosca; Javi Garcia; Guardado, Camarasa (Fabián, m.73); Campbell (Tello, m.62), Sanabria, Joaquin (Boudebouz, m.78).
0 - Alaves: Pacheco; Vigaray, Maripan (Katai, m.76), Ely, Alexis, Pedraza; Manu García (Burgui, m.80), Dani Torres, Wakaso; Medran; Munir (Bojan, m.80).
Golak: 1-0, M.13: Sanabria. 2-0, M.75: Alexis, bere atean.
Epailea: Daniel Jesus Trujillo Suarez.
uarez.