1-0
Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Espanyolen aurka
Erredakzioa
Christian Santosek lehen minutua bete baino lehen sartutako golak eman dizkio hiru puntuak Arabako taldeari.
Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Espanyolen aurka (1-0) Mendizorrotzan eta De Biasik zuzentzen duen taldeak arnasa hartzen du. Pixka bat lasaiago iritsiko da Alaves Ligako geldialdira.
Bikain ekin dio partidari Arabako taldeak, lehen minutuan aurrea hartu baitu Christian Santosek boleaz sartutako gol bikain bati esker (1-0). Espanyolen erantzuna azkar etorri da, baina Baptistaoren jaurtiketa kanpora joan da, gurutzatuegi. Geroago, 11. minutuan, Pedrazak bigarren gola sartzeko abagunea izan du; bere jaurtiketa, ordea, kaskarra izan da. Ondorengo minutuetan parekotasuna izan da nagusi eta abagune gutxi ikusi dira Mendizorrotzako berdegunean. Neurketako 34. minutuan berdinketa lortzeko abagunea izan du Espanyolek, baina Pacheco atezainak gelditu egin du Baptistaoren errematea. Espanyol erasokor ibili da lehen zatiko azken txanpan, baina partida zaildu egin zaio Bartzelonako taldeari, epaileak Hermoso egotzi baitu Manu Garciari ukondokada bat emateagatik. Bigarren txartel horia ikusita utzi behar izan du zelaia Hermosok. Lehen zatia amaitu orduko, Alavesek abagune paregabea izan du; Pau atezainak, ordea, gola eragotzi du Munirren jaurtiketa desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran atezainak izan dira protagonista: Pauk Alavesen gola eragotzi du Munirren jaurtiketa bat kornerrera desbideratuta eta Pachecok geratu egin du Juradoren jaurtiketa arriskutsua. Neurketako 57. minutuan Wakasoren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik eta 60. minutuan, Gerard Morenok kanpora bidali du ezkerrez egindako jaurtiketa. Wakasok partida erabakita uzteko aukera izan du 80. minutuan; Pau atezainak ez du baloia harrapatu, aldaratzea Wakasok jaso, eta baloia atepetik atera du Naldok. Azken minutuetan, Arabako taldeak abaguneak izan ditu bigarren gola sartzeko, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Amaierarako bi minutu falta izan direnean Espanyolek gertu izan du berdinketa, baina Pacheco atezainak kataluniarren gola eragotzi du Sergio Garciaren errematea desbideratuta. Amaieran, hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Pacheco; Alexis, Ely, Maripán, Dieguez, Pedraza; Pina (Medran, min. 68), Manu Garcia, Wakaso (Dani Torres, min. 90); Munir eta Santos (Bojan, min. 82)
0 - RCD Espanyol: Pau Lopez; Víctor Sanchez (Naldo, min. 46), David Lopez, Mario Hermoso, Aaron; Jurado (Melendo, min. 73), Javi Fuego, Darder, Piatti (Sergio García, min. 82); Baptistao eta Gerard Moreno.
Gola: 1-0, m.1: Santos.
Epailea: Gonzalez Fuertes.