KOPAKO FINAL-ZORTZIRENAK
Alavesek kanporaketa bideratuta utzi du Formenteran irabazita (1-3)
ERREDAKZIOA
Gasteiztarrak balearrak baino gehiago izan dira, bi gol egin dituen Demirovic aurrelaria protagonista izan den partidan.
Alavesek ia erabakita utzi du Formenteraren aurka lehiatzen ari den Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketa (1-3). Hiru goletatik bi talde gasteiztarrean debuta egin duen Ermedin Demirovic aurrelari bosniarrak egin ditu. Hirugarrena Munir El Haddadik sartu du.
Formenterako taldeak belar artifizialeko bere estadiora lezioa ondo ikasita zelairatu da: defentsako ordenari ondo eustea; golik jasoz gero, lanean jarraitzea eta bere aukerari itxarotea.
Aurrez aurre Abelardoren Alaves eraberritua izan du Tito Garcia Sanjuanek entrenatzen duen taldeak. Gasteiztarrek bi taldeen artean dagoen bi mailako tarteaz fidatu gabe jokatu dute.
Etxekoek lanak izan dituzte bi-hiru pase jarraian emateko, arabarrek zelaiko eremu guztietan presio handia egin baitute, eta horrek jokoaren nagusitasuna aitortu die kanpotarrei.
Horrenbestez, soka alderik ahulenetik hautsi da 35. minutuan. Ermendin Demirovic bosniarrak gol bikaina egin du buruz bere estreinako partidan lehenengo taldearekin.
Dena dela, Formentara ez da kikildu, eta atsedenaldira iritsi orduko zutoinaren aurka bidali du baloi bat (42. min).
Abisua izan da Alavesentzat bigarren zatiari begira. Eta hala egiaztatu ahal izan du oso goiz (56. min), Javi Rosa Formenterako atzelariak berdinketaren gola egin duelako korner batean.
Babazorroek okerren zeudenean, berriz ere Demirovic bosniarra agertu da (64. min), eta aurrelari onaren itxura emanez egin ere, orpoz sartu baitu gola.
Bigarren gol hori kolpe gogorra izan da Formenterako jokalarientzat. Alabaina, aurrera egin du asko arriskatuz, eta Munirrek ez du barkatu kontraeraso batean bere taldearen hirugarrena erdietsi eta kanporaketa oso aldeko uzteko.
Fitxa teknikoa:
SD Formentera 1: Contreras; Samu, Javi Rosa, Kiko, Bonilla (Ojeda, 66. min); Álvaro, Omar, Gabri (Crespo, 66. min), Nando, Adrián Riera; Juan Antonio.
Alavés 3: Sivera; Víctor, Ely, Maripán, Diéguez; Sobrino, Torres, Ibai (Munir, 73. min), Wakaso; Medrán (Manu García, 65. min), Demirovic (Martí Aguirregabiria, 78. min).
Golak: 0-1, 35. min: Demirovic; 1-1, 56. min: Javi Rosas; 1-2, 64. min: Demirovic; 1-3, 80. min: Munir.
Epailea: Hernández Hernández (Comité de Las Palmas).