Vila-realen aurka
Urrezko hiru puntu lortu ditu Alavesek (1-2)
Agentziak | Erredakzioa
Abelardoren taldea 0 eta 2 aurreratu da Rodrigo Elyk eta Ibaik egindako golei esker. Baccak aldea murriztu du 76. minutuan.
Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Vila-realen etxean. Partida polita eta bizia jokatu dute eta batak zein besteak izan dute garaipena lortzeko aukera joko sistema oso ezberdinak erabili dituzten arren.
Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, baina Vila-realek laster hartu du neurketaren kontrola. Gasteiztarrak, bitartean atzean sartuta egon dira.
Erasoari dagokionez, Abelardoren taldeak ez du asmatu kontraerasoan atera direnean, baina korner batean, eta ezustean, gola egin dute. Defentsak baloi bat urrundu du, Pedrazak buruarekin arearen erdialdera bota du eta Rodrigo Elyk Asenjoren atean sartzea lortu du.
Ondorioz, gasteiztarrak aurretik jarri dira, ezer gutxi eginda, atsedenaldirako bost minuturen faltan. Kolpe handia hartu du etxeko taldeak.
Bigarren zatian, Vila-realek erasora jo du, baina ideia handirik gabe. Gero eta urduriago jarri dira jokalari horiak. Alavesek, berriz, gero eta erosoago jokatu du.
Orduan, arabarrek bigarren gola egin dute. Ibaik sartu du, eta garaipena esku-eskura jarri dio Alavesi.
Baina talde horiak ez du amore eman eta Baccak aldea murriztu du 76. minutuan gola eginda. Azken minutuetan estu eta larri ibili da Alaves aurkariari eusteko baina, zorionez, ez da gol gehiagorik izan (1-2).
Fitxa teknikoa
1. Vila-real: Asenjo, Mario, Álvaro, Víctor Ruiz, Jaume Costa; Javi Fuego (Raba, 79. min), Trigueros, Castillejo, Fornals (Cheryshev, 66. min); Bacca eta Martínez (Unal, 58. min).
2. Alaves: Pacheco, Alexis, Laguardia, Rodrigo Ely, Duarte; Pedraza, Pina, Torres, Hernán Pérez (Ibai, 68. min); Munir (Maripan, 80. min) eta Guidetti (Rubén Sobrino, 74. min).
Golak: 0-1, 40. min: Rodrigo Ely. 0-2, 71. min: Ibai. 1-2, 77. min: Bacca.