Itxi

28. JARDUNALDIA

Alavesek Mendizorrotzan zuen bolada ona eten du Betisek (1-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Andaluziarrak eraginkorrago agertu dira aurkariaren arean, batez ere bi gol erdietsi dituen Loren Moron jokalariaren bidez.

Ruben Sobrino Mandirekin borrokan. Argazkia: EFE

Betisek puntuak eraman ditu Alavesen gotorlekutik Lorenen (bi) eta Javi Garciaren (bat) golen bidez (1-3), eta, horrenbestez, babazorroek Mendizorrotzan Liga eta Kopa artean galdu gabe zeramaten 10 partidako bolada ona etetea lortu dute andaluziarrek (Alavesek ez zuen etxean galtzen azaroaren 25etik).

Betisek hasiera-hasieratik eskuratu du baloiaren jabetza, eta partidari ekin eta berehala lehendabiziko aukera garbia izan du. Lorenek gidatutako kontraeraso batean, joan zen urtean Alavesen elastikoa jantzi zuen Victor Camarasa ez da heldu baloia errematatu ahal izatera. Alabaina, hurrengo jokaldian, Munirrek izan du abagune garbia, baina ez du asmatu Adanen aurrean.

Baloia area batetik bestera zebilen hastapeneko minutu horietan, Camarasak lehen gola sartzeko beste aukera bat izan du, baina kanpora joan zaio buruaz errematatutako baloia. Setienen taldeak ekinean jarraitu du, eta Lorenek saria aurkitu du Fernando Pacheco ezin hobeto gainditu ostean. Marrazainak banderatxoa altxatu badu ere, epaile nagusiaren aburuz, Manu Garcia Alaveseko atzelariak ukitu ostean heldu zaio baloia Betiseko aurrelariari.

Gol horren ondoren, bisitariek baloia lokartu dute eta neurketak galdu egin du ordura arte zeukan erritmoa. Hala izan da ia atsedenaldira heldu bitartean; hain zuzen ere, Javi Garciak kanpotarren bigarrena egin duen arte, Alaveseko jokalariek urruntzen asmatu ez duten korner batean.

Bazirudien lehia bideratuta zegoela andaluziarren alde; aitzitik, Abelardo Fernandezek zuzentzen dituen gizonek gora egin dute Alfonso Pedrazaren eskutik, baina ez du Adan gainditzerik lortu bere saiakeran. Gerora, ordea, Ruben Sobrinoren txanda heldu da, eta bere taldekideak baino iaioago jardun du Betiseko atezainaren aurrean. Golak etxekoak piztu ditu eta Munirrek eskura izan du partidaren berdinketa. Haatik, Loren izan da bere taldearen hirugarren gola egin duena kontraeraso batean (andaluziar gazteak sei norgehiagoka jokatu ditu debutatu zuenetik eta dagoeneko bost gol erdietsi ditu).

Gaurko partidaren ostean, arabarrak jaitsiera postuetatik hamaika puntura jarraitzen dute; andaluziarrak, berriz, une honetan Gironak duen zazpigarren postutik hiru puntura jarri dira.

Fitxa teknikoa:

Alaves 1: Pacheco; Martin, Laguardia, Ely (Hernán Pérez, 80. min), Duarte; Ibai Gomez (Bojan, 76. min), Pina, Manu Garcia, Pedraza (Burgui, 61. min); Sobrino eta Munir.

Betis 3: Adan, Francis, Mandi, Bartra, Junior; Camarasa (Tello, 69. min), Javi Garcia, Fabian, Boudebouz; Loren (Sergio Loren, 81. min) eta Ruben Castro (Amat, 62. min).

Golak: 0-1, 22. min: Loren. 0-2, 44. min: Javi García. 1-2, 66. min: Sobrino. 1-3, 78. min: Loren.

Epailea: Del Cerro Grande. Ely eta Laguardia (Alaves); Adan, Camarasa eta Javi Garcia (Betis).

Albisteak (3)