Kargatzen...
Itxi

GAUR, 21:00ETAN

Celtaren zalantzei etekina atera nahi die Alavesek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Alavesek ez du Balaidosen irabazi Lehen Mailan: hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu.

Manu Garcia Celtaren aurkako partida batean, Balaidosen. Argazkia: EFE

Sailkapeneko gorengo postuetan kokatuta dagoen Alavesek Celtaren zalantzak baliatu nahi ditu gaur, haietatik etekina ateratzeko asmoz. Balaidos futbol-zelaian 21:00etatik aurrera jokatuko den partidak Ligako bederatzigarren jardunaldiari emango dio hasiera.

Abelardo Fernandezek entrenatzen duen talde gasteiztarraren bolada onarekin alderatuta (porrot bakarra jaso du azken bost norgehiagoketan), bestelako ibilbidea ari da izaten Celta, ez baitu lehiarik irabazi epe berean. Horregatik zein Vigoko taldeak erakutsitako joko kaskarragatik, zaleak haserre agertu ziren Getaferen aurkako etxeko azken partidan.

Ligak geldialdia izan duen arren, babazorroek oraindik ere gogoan dute azken jardunaldian Real Madrilen aurka lortutako garaipena, zeinaren bidez sailkapeneko seigarren tokian kokatzea lortu duten (14 puntu), Sevilla liderrarengandik bi puntura.

Haatik, arabarrek ez dute golik egitea lortu Vigon jokatu duten azken hiru alditan; izan ere, Alavesek ez du Balaidosen irabazi Lehen Mailan: hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu.

Abelardoren hamaikakoan ez dira izango lesionatuta dauden Rodrigo Ely eta Adrian Marin, ezta euren selekzioekin jokatzen ibili diren Guillermo Maripan eta John Guidetti ere, entrenatzaile asturiarrak ez baititu deialdian sartu.

Horrez gain, Abelardok min hartuta dabilen Fernando Pacheco atezain titularraren zalantza izango du azken ordura arte. Ondorioz, Antonio Siverak debutatzeko aukera izan dezake aurtengo denboraldian.

Litekeena da babazorroen prestatzaileak 4-4-2ko sistemaren aldeko hautua egitea, Real Madrilen aurka erabili zuen 4-5-1ekoaren ordez. Horrenbestez, Darko Brasanacek eta Tomas Pinak zelai erdian joka dezakete, eta sasoi betean dauden Jony Rodriguezek eta Ibai Gomezek, hegaletan.

Erasoari begira, Ruben Sobrinok Jonathan Calleri argentinarrarekin bat egingo du aurrealdean, nahiz eta Borja Baston ere jokatzeko moduan dagoen.

Galiziarren aldetik, Mohamed entrenatzaileak bi hutsune garrantzitsu izango ditu. Batetik, zigortuta dagoen Nestor Araujo atzelari mexikarrarena; bestetik, Maxi Gomez aurrelari uruguaitarrarena, zeinak min hartu duen bere selekzioarekin. Horiek horrela, Celtaren entrenatzaileak baztertu egin dezake orain arte erabili izan duen bost defentsako lerroa.

Itxura guztien arabera, 4-3-3ko sistemari helduko dio, Okay Yokuslu turkiarra eta Sofiane Boufal frantziar-marokoarra hamaikakoan sartuta. Lehenengoak zelai erdia indartuko du, Beltran eta Lobotkarekin batera. Bigarrena, berriz, erasoan arituko da, Iago Aspas eta Pione Sistori laguntza emateko.

Balizko hamaikakoak:

Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Junca; Okay, Lobotka, Beltrán; Aspas, Boufal eta Pione Sisto edo Eckert.

Alaves: Sivera edo Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez, Brasanac, Tomás Pina, Jony; Sobrino eta Calleri.

Epailea: Carlos Del Cerro Grande.

Futbol-zelaia: Balaidos.

Ordua: 21:00.

Albisteak (3)