Itxi

9. JARDUNALDIA

Alaves lider jarri da Balaidosen garaipena lortu ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Tomas Pinak geldikako jokaldi bat baliatu du neurketako gol bakarra lortzeko, eta gasteiztarrak txapelketako behin-behineko liderrak dira 17 punturekin.

Tomas Pinak sartu du neurketako gol bakarra. Argakia: EFE

Alavesek garaipena lortu du Celtaren aurka, Balaidosen jokatutako partidan (0-1). Ligako 9. jardunaldiari zegokion lehian, gasteiztarrek hiru puntuak lortu dituzte Tomas Pinak bigarren zatian erdietsi duen gol bati esker, eta txapelketako lider jarri dira behin-behinean.

Ostiral honetan erdietsitako emaitza onaren bidez, Alavesek bere bolada ona luzatu du, azken zortzi jardunaldietako zazpitan puntuak lortu baititu.

Abelardoren mutilek ezin hobeto aprobetxatu dituzte aurkariaren atera egindako hurbilketa apurrak, etxekoen ahaleginei eutsiz.

Hala, norgehiagoka erabaki duen gola ez da 58. minutura arte heldu. Ibai Gomezek motzean atera du falta bat zelai erdian Ruben Duarte taldekidearentzat, eta hark urrutitik area barrura erdiratu du. Baloiak hondoko marra iragan behar zuela zirudienean, Victor Laguardia agertu da Junior Alonsoren bizkarrean, eta erdiratzeko gai izan da.

Baloia area barruan zegoen Pinari iritsi zaio, eta Alaveseko erdilariak ez du barkatu Sergio Alvarez etxekoen atezainaren aurrean.

Bisitarien golak Celtaren jokoa bizkortu du, baina zehaztasunik ez du izan, nahiz eta bere area barruan sartuta egotera behartu duen talde arabarra. Alabaina, Pacheco atezainarekin egin dute topo etxekoen ahaleginek. Badajozekoak geldiketa ikusgarria egin dio Boufali, eta Braisen jaurtiketa arriskutsuari ere erantzun egokia eman dio.

Babazorroek atzean eutsi dute, baina ez dira kikildu aurrera begira. Kontraerasoan ateratzeko parada izan dutenean, hala egin dute, eta bigarren gola sartzeko zorian izan dira, Ibai Gomezen jaurtiketa ikusgarri baten bidez, baina baloiak langan jo du.

Horrenbestez, Alaves, 17 punturekin, Ligako lider berria da, jardunaldiko gainerako neurketen faltan.

Fitxa teknikoa:

Celta 0: Sergio; Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Junior Alonso (Hjulsager, 86. min); Lobotka, Fran Beltran (Emre Mor, 62. min), Brais, Boufal (Sisto, 74. min); Aspas, Eckert.

Alavés 1: Pacheco; Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte; Tomás Pina, Manu García; Brasanac; (Wakaso, 75. min), Jony (Borja Bastón, 93. min), Ibai, Calleri (Sobrino, 74. min).

Gola: 0-1 Pina, 58. min

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Cabral eta Hjulsager (Celta); Laguardia, Pina eta Calleri (Alaves).

Albisteak (3)