MONTILIVI, 18:30
Alaves, bolada onarekin jarraitu nahian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abelardok ezin izango ditu erabili bere hegaleko jokalari titularrak, hau da, ez Athleticera joaj den Ibai Gomez, ez orkatila minduta daukan Jony Rodriguez.
Alavesek Gironaren zelaia bisitatuko du larunbat honetan (18:30), sailkapenean duten laugarren postuari eusteko xedearekin, eta, bide batez, amets egiten jarraitzeko asmoz. Asteburu honetakoa Ligako 19. jardunaldia izango da, hau da, lehen itzuliko azkena.
Gasteiztarren artean, Ibai Gomezen irteera izan da asteko mintzagai nagusia. Athleticek fitxatu du, eta hutsunea utzi du babazorroen eskuineko hegalean.
Dena den, Ibairena ez da Abelardok hegaletan izango duen hutsune bakarra; izan ere, Jony Rodriguezek bihurritua dauka eskuin orkatilan, eta, ondorioz, jokatu ezinda egongo da zenbait astez. Horrez gain, Rodrigo Elyk eta Adrian Marinek ere min hartuta jarraitzen dute.
Haatik, Ruben Duarte lehiatzeko gertu egongo da, joan zen astean zigorra bete eta gero.
Bere aldetik, Eusebio Sacristanek entrenatzen duen Gironak garaipena eskaini nahi dio bere zaleei, Europa Ligako postuetatik gertu mantentzeko. Modu horretan, joan zen denboraldiko puntu kopuru berarekin amaituko lukete lehen itzulia katalanek, hau da, 26 punturekin.
Gironak lau partida daramatza norgehiagokarik irabazi ezinda, hain justu ere, abenduaren 5ean Kopa Txapelketako final-hamaseirenetan Alavesi 2-1 irabazi zionetik.
Balizko hamaikakoak:
Girona: Bono, Pedro Porro, Jonas Ramalho, Bernardo Espinosa, Juanpe, Valery Fernandez edo Alex Granell, Douglas Luiz, Aleix Garcia, Borja Garcia; Portu eta Cristhian Stuani.
Alaves: Pacheco, Ximo Navarro edo Martin, Laguardia, Maripan, Duarte, Sobrino, Tomas Pina, Manu Garcia, Burgui, Borja Baston eta Calleri.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.
Futbol-zelaia: Estadi Municipal de Montilivi.
Ordua: 18:30.