20. JARDUNALDIA
Getafek ez dio aukerarik eman Alavesi (4-0)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abelardoren mutilek norgehiagoka txarra jokatu dute Alfonso Perez futbol-zelaian, eta merezimenduz galdu dute.
Getafe nagusitasunez gailendu zaio Alavesi (4-0) ostiral honetan, Ligako 20. jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Jaime Mata eta Jorge Molina etxekoen aurrelariak norgehiagokako protagonista nagusiak izan dira, gol bina sartu baitituzte.
Jose Bordalasen mutilak, ohi dutenez, sendotasun handia erakutsi dute atzealdean, eta aurkaria baino gehiago izan dira hasieratik amaieraraino, babazorroek apenas sortu baitute aukerarik.
Matak lehen ordu erdia bete denean jarri ditu etxekoak aurretik, penaltiz. Maripanek falta garbia egin dio Cristoforori area barruan, baloi bat aldendu nahian ari zela, eta epaileak ez du zalantzarik izan zigorra adierazteko. Valladolideko aurrelari ohiak ez du aukera alperrik galdu, eta hortxe hasi da Alavesen gainbehera.
Atsedenalditik bueltan, bigarren gola norgehiagoka berriro martxan jarri bezain pronto iritsi da. Izan ere, Jorge Molinak bigarren zatiko segundo gutxi behar izan ditu baloiari area kanpotik zartako bikaina jo eta Pachecoren ate barrura bidaltzeko. 36 urteko aurrelariak berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du talde madrildarrarentzat, eta dagoeneko zortzi gol daramatza aurtengo Liga Txapelketan, ostiral honetan lortutakoak kontuan izanda.
Alaves apur bat esnatu da Borja Bastonenen bakarkako jokaldi batean. Penaltia eskatu du Djenek baloiari eskuarekin jo diolakoan, baina epaileak ez dio jaramonik egin. Handik hiru minutura Getaferen hirugarrena heldu da, Matak eta Molinak elkarrekin sortu duten jokaldi batean.
Amaierara iritsi orduko gasteiztarrak saiatu dira emaitza txukuntzen, baina talde bataren eta bestearen artean alde nabarmena egon da gaurkoan. Ondorioz, madrildarrak izan dira markagailua biribildu dutenak gaueko laugarrena eginda. Eskuin hegaletik atera duten falta batean, Mata Alavesen atzelariei aurreratu zaie, eta bote lasterrean egindako jaurtiketa ate barrura sartu da.
Nahiz eta norgehiagoka galdu, Abelardoren mutilek bosgarren izaten jarraituko dute, Getafe puntu bakarrera hurbildu zaien arren.
Fitxa teknikoa:
Getafe 4: David Soria, Damian Suarez, Djene, Bruno, Cabrera; Portillo (Samu Saiz, 86. min), Cristoforo, Maksimovic, Antunes (Hugo Duro, 81. min), Jorge Molina (Angel, 75. min) eta Mata.
Alaves 0: Pacheco, Martin, Ximo Navarro, Maripan, Duarte, Sobrino (Twumasi, 72. min), Tomas Pina, Manu Garcia (Wakaso, 65. min), Burgui, Borja Baston eta Calleri (Guidetti, 72. min).
Golak: 1-0, 32. min: Mata, penaltiz; 2-0, 46. min: Jorge Molina; 3-0, 54. min: Jorge Molina; 4-0, 88. min: Mata.
Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Ximo Navarro, Pina, Duarte eta Wakaso (Alaves).