Itxi

1-1

Sufritutako puntua eskuratu du Alavesek Betisen zelaian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Giovani Lo Celso eta Guillermo Maripán izan dira golegileak. Bigarren zatian, Betis izan da nagusi. Gasteiztarrek 6. postuan jarraitzen dute.

Betis 1 - Alaves 1 / Argazkia: EFE.

Real Betisek eta Alavesek berdinketarekin bukatu dute Benito Villamaringo neurketa (1-1), Santander Ligako 24. jardunaldian.

Babazorroek ezin izan dute Txapeldunen Ligako postuetan sartu, eta seigarren jarraitzen dute sailkapenean, 36 punturekin. Sevillako taldeak 3 puntu gutxiagorekin jarraitzen du, 33rekin, zortzigarren postuan.

Alavesek sufritu egin du, batez ere bigarren zatian. Etxekoek hobeto jokatu dute, baina ez dute saririk izan, Pachecoren atera askotan hurbildu diren arren. Babazorroak ondo aritu dira atzean.

Neurketa berdindua eta lehiatua izan da lehen zatian, eta bigarrenean sevillarrak izan dira nagusi. Bi estilo diferente ikusi dira zelaian. Betisek baloi jabetza izanda jokatu nahi izan du, Alavesek joko zuzenagoa eta kontraerasoko jokaldiak izan ditu nahiago.

Erritmo eta intentsitate altuarekin hasi da norgehiagoka, eta gasteiztarrak dinamikoago aritu dira, Betisek neurketari neurria hartu dion arte. Giovani Lo Celsok, bolada onean bere taldean, aurretik jarri ditu etxekoak 15. minutuan, Jese Rodriguezen jaurtiketa baten ostean aldaratze bat baliatuta.

1-0ekoarekin, Betisek saiatzen jarraitu du, baina arrakastarik gabe. Alavesek ez du etsi, eta saria lortu du. Guillermo Maripanek berdindu du, 28. minutuan. Alaveseko txiletarrak etxekoen areako egoera nahasi bat aprobetxatu du.

Atsedenaldiaren ostean, Andaluziako taldea hobeto zelairatu da, eta erabat nagusi izan da zelaian. Babazorroek atzerago sartuta jokatu dute, eta ez dute ia gol aukerarik sortu. Calleri oso bakarrik egon da goian. Hala ere, Betisek ez ditu abagunean aprobetxatu.

FITXA TEKNIKOA

Betis: Pau Lopez; Mandi, Bartra, Feddal; Barragan (Joaquin, 70. min), Canales, William Carvalho, Lo Celso, Guardado; Lainez (Loren, 75. min), Jese (Sergio Leon, 64. min).

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte (Adrian Marin, 59. min); Darko Brasanac, Pina, Wakaso (Manu Garcia, 59. min); Inui (Rolan, 83. min), Calleri eta Jony.

Golak: 1-0, 15. min: Lo Celso. 1-1, 28. min: Maripán.

Albisteak (3)