34. JARDUNALDIA
Alavesek ezin izan du Bartzelona gainditu Mendizorrotzan (0-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalanek bigarren zatian sartu dituzte garaipeneko bi golak Aleñaren eta Suarezen bitartez.
Alavesek 0-2 galdu du asteazken honetan Bartzelonaren aurka Gasteizen jokatu duen norgehiagoka. Katalanak gehiago izan dira hasieratik, nahiz eta titular gisa aritu ohi diren zenbait jokalarik, Messik edota Jordi Albak, besteak beste, aulkian eserita ekin dioten norgehiagokari.
Ernesto Valverdek entrenatzen duen taldeak indartsu ekin dio lehiari lehen minututik, baina errematean asmatu ezinda ibili da, eta areaz kanpotik egindako ahaleginak izan dira arrisku gehien eraman dutenak. Izan ere, etxekoek bost atzelariz osatutako defentsa sendoarekin egin diete aurre Bartzelonaren saiakerei.
Erasora begira, Abelardoren mutilek geldikako jokaldiak baliatu dituzte bereziki Ter Stegenen inguruetara arriskua eramateko. Horietako batean, lehen zatiko 36. minutuan izandako alboko sake batean, Borja Baston ez da gutxigatik heldu Elyk buruz ukitutako baloi batera.
Bigarren zatia hastearekin batera, Darko Brasanac zelairatu da etxekoen lerroetan, atsedenaldira min hartuta heldu den Diego Rolanen lekua hartzeko.
Aldageletatik itzuli ondorengo lehen minutuetan, Alavesek izan du bere aukera Ruben Duartek egindako jaurtiketa baten bitartez; alabaina, handik gutxira, 54.ean, Bartzelonak aurrea hartu du markagailuan.
Sergi Robertok primeran eraman du baloia Alavesen areara, han zegoela Luis Suarezi eman dio pasea, baina uruguaitarrak, errematatzen ahalegindu beharrean, pasatzen utzi du baloia, Carles Aleñari uzteko, eta hark ez du barkatu Pachecoren aurrean geratu denean.
Bost minutu geroago, Valverderen taldeak neurketa erabakita utzi du, Suarezek penaltiz sartu duen golaren bidez. Cordero Vega epaileak zigor hori adierazi du VAR sistema erabili eta gero, Tomas Pinak area barruan baloia eskuarekin jo duela iritzita.
Hortik eta neurketaren amaierara arte, gertuago egon da Bartzelonaren hirugarren gola, markagailua estu zezakeen Alavesena baino.
Horrenbestez, babazorroek 46 punturekin segitzen dute, eta Europan aritzeko aukerak izaten jarraitzeko berebiziko garrantzia izango duen neurketari egin beharko diote aurre datorren larunbatean, Athleticen aurka.
Katalanek, berriz, esku-eskura dute Liga eskuratzeko. Hiru puntu behar dituzte txapelketa irabazteko, edo, bestela, Atleticok Valentziaren aurka galtzea asteazkenean jokatuko duen lehian.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Pacheco, Vigaray, Navarro, Laguardia, Ely (Twumasi, 70. min), Duarte, Rolan (Darko, 46. min), Tomas Pina, Wakaso, Jony (Guidetti, 80. min) eta Baston.
2 - Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Semedo (Alba, 69. min), Vidal, Busquets, Aleña (Arthur, 87. min); Dembele (Messi, 60. min), Suarez eta Coutinho.
Golak: 0-1, 54. min: Aleña. 0-2, 59. min: Suarez, penaltiz.
Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Jony, Navarro eta Pina (Alaves); Coutinho (Bartzelona).