0-1
Realak derbia irabazi dio Alavesi eta Europarekin amesten jarraitzen du
Erredakzioa
Talde donostiarrak lortu du garaipena Mendizorrotzan, 0-1eko emaitzarekin. Willian Jose izan da golegilea. Bi taldeek 47na puntu dituzte.
Realak garaipena lortu du Alavesen aurka (0-1) Mendizorrotzan jokatu duen euskal derbian. Orain, bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, 47na punturekin, eta Europarako postuetan sartzeko ametsa posible dute.
Erasokor atera dira bi taldeak, eta korner bana atera dute, lehen bi minutuetan. Neurketak erritmoa izan duen arren, abaguneak ez dira ugariak izan. Realak izan du lehen aukera, baina Sangalliren jaurtiketa, langa gainetik kanpora joan da. Sei minutu beranduago, talde donostiarrak 0-1ekoa sartu du; Willian Josek area kanpotik jaurti, eta baloia sare barrura joan da, Manu Garciarengan jo ostean.
Gola hartu arren, Alavesek ez dio bere ohiko jokoari uko egin, eta 31. minutuan partida berdintzetik gertu egon da, baina Borja Bastonek errematea egin aurretik Zaldua gurutzatu da, arriskua aldenduz.
Bigarren zatiaren hasieran, Gero Rulli Realeko atezainak Alavesen gola eragotzi du, Ximo Navarroren erremateari erantzun bikaina emanda. Geroago, Jonyk area kanpotik egin duen jaurtiketa, kanpoa joan da oso gutxigatik. Alaves baloiaren jabe egin da, baina ezin izan ditu abaguneak gol bilakatu. Arabako taldearen nagusitasuna ikusita, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak, Zubeldia erdiko defentsekin batera jartzea erabaki du. Horrek, sendotasuna eman dio taldeari, eta bigarren gola sartzeko aukerak ere izan ditu; Willian Josek, ordea, ez du asmatu Pachecoren ate aurrean. Neurketako 70. minutuan, Wakaso Mubarakek ondo lapurtu du baloia, eta haren jaurtiketa bortitza Gero Rulli atezainak desbideratu du.
Azken txanpan, erasora jo du Alavesek, eta Realak atzean itxaron du, kontraerasora irtetzeko aukeraren zain. Ruben Pardok jaurtiketa ona egin du 76. minutuan, eta Pacheco atezainak aldendu egin du. Talde gasteiztarra saiatu da berdinketa lortzen baloi luzeak area barruan jarriz, baina ez dute abagune argirik sortu, eta Realak irabazi du partida.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Pacheco; Vigaray (Wakaso, 46. min), Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Martin (Twumasi, 80. min), Manu Garcia, Pina, Jony; Bastón (Guidetti, 64. mim) eta Calleri.
1 - Reala Rulli; Zaldua, Elustondo (Juanmi, 74. min), Hector Moreno, Muñoz; Sangalli (Zubeldia, 46. min), Mikel Merino, Pardo; Barrenetxea (Rodrigues, 58. min), Willian José y Oyarzabal.
Epailea: Alberola Rojas.Txartl horiak atera dizkie Wakaso (47. min) Alaveseko jokalariari, baita Realeko Pardo (73. min), Merino (79. min) eta Zubeldia (89. min) futbolariei.
Golak: 0-1, 24. min Willian Jose.