10. jardunaldia
Alaves, etxetik kanpoko lehen garaipenaren bila
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek puntu bakarra bereganatu dute orain arte Mendizorrotzatik urruti, lau neurketa jokatu ostean. Partida iluntzeko 21:00etan jokatzen dute gaur.
Alaves Zeramikaren estadioan zelairatuko da gaur (21:00), Vila-realen aurka aritzeko asmoz, etxetik kanpoko lehen garaipenaren bila. Izan ere, Gasteizko taldeak puntu bakarra lortu du Mendizorrotzatik urrun orain arte, lau neurketa jokatu arren. Getaferen aurka lortu zuen (1-1), Ligako hirugarren jardunaldian, duela ia bi hilabete.
Asier Garitanoren mutilek galdu egin dituzte gainerako hiru partidak, eta gol bat gehiago besterik ezin izan dute sartu, Mestallan. Dena den, Vila-realen zelaian maila ona eman ohi dute babazorroek, Lehen Mailara itzuli zirenetik beti irabazi baitute bertan.
Celtaren aurka partida ona jokatu zuen Alavesek, 2-0 irabazi baitzion Galiziako taldeari, eta garaipen horrek berretsi egin zuen taldeak azken jardunaldietan azaldu duen hobekuntza.
Bergarako entrenatzaileak ezingo ditu zelairatu min hartuta dauden Rodrigo Ely atzelari brasildarra eta Tomas Pina erdilaria; taldearekin entrenatzen ari dira, baina oraindik ez daude jokatzeko moduan.
Castelloko taldea, bere aldetik, ondo dabil aspaldian, aurreko denboraldiko zalantzak eta beldurrak atzean utzi nahian.
Zazpigarren dago sailkapenean, Realak duen laugarren postutik bi puntura. Hortaz, badaki etxean hirugarren garaipena jarraian lortuz gero txuri-urdinen aurretik jarriko dela, Granadaren parean, behin-behinean bada ere.
Balizko hamaikakoak:
Vila-real: Asenjo, Ruben Peña edo Mario, Raul Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno, Iborra, Cazorla, Moi Gomez, Zambo Anguissa, Toko Ekambi eta Gerard Moreno.
Alaves: Pacheco, Aguirregabiria, Laguardia, Magallan, Duarte, Vidal, Wakaso, Manu Garcia, Rioja, Lucas Perez eta Joselu.
Epailea: Medie Jimenez.
Zelaia: Zeramikaren zelaia.
Ordua: 21:00.