10. JARDUNALDIA
Alavesek ezin izan dio aurre egin Vila-realen gol egiteko ahalmenari (4-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Babazorroek markagailua berdintzea lortu dute bigarren zatian, baina, ondoren, etxekoak oso eraginkor azaldu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alavesek galdu egin du ostiral honetan Vila-realen aurka (4-1), Santander Ligako 10. jardunaldiaren hasieran. Etxekoen golak Toko Ekambi (2), Gerard Moreno eta Ontiverosek erdietsi dituzte; gasteiztarren gola, berriz, Lucas Perezek sartu du.
Javi Callejaren mutilek laster lortu dute markagailuan aurreratzea (13. min). Kontraeraso bat baliatu dute bi pasetan Alavesen ate aurrean geratzeko. Gerard Morenok luzean bidali dio Ekambiri, eta Kamerungo aurrelariak ez du barkatu Pachecoren aurrera iritsi denean.
Vila-realek gol gehiago egiteko aukera izan du hurrengo minutuetan, baina ez da fin aritu. Gerora, lehen zatiko azken 10 minutuetan, Alavesen txanda heldu da, eta Duarte eta Lucas Perezen bitartez arriskua eraman du etxekoen ate inguruetara.
Atsedenalditik bueltan, Asier Garitanoren taldeak jarraitu du agintzen, eta, hala, berdinketa etorri da. Vila-realen atzealdeak ez du baloi bat ondo urrundu, eta area barruan zebilen Lucas Perezek txilena ikusgarri batekin Vila-realen atea zulatu du (50. min). Jarraian, babazorroen minuturik onenak etorri dira, eta 1-2koa gertu izan dute.
Aitzitik, Castelloko taldea bolada onean dabil, eta 65. minutuan berriro hartu du aurre markagailuan, berriz ere Ekambiren eskutik. Gainera, bigarren gol horren aurretik, Cazorlak beste abisu bat eman du, baloia zutoinera bidalita.
Vila-real aise ari zen, bisitariek asmatu gabe errematatzen zuten bitartean. Burkek korner batean izan du aukera Alavesentzat, baina gola beste atean iritsi da. Izan ere, beste kontraeraso batean, Gerard Morenok ederki baliatu Cazorlak jarritako pasea (84. min).
Ontiverosek, zuzenean jaurtitako falta batekin erdietsi du azken gola, luzapenean (4-1).
Talde horiaren gol egiteko ahalmena beste bat da denboraldi honetan, baita sailkapenean darabilen martxa ere: 17 puntu ditu, eta hirugarren tokian dago kokatuta, behin-behinean. Alaves, berriz, 11 punturekin geratu da, jaitsiera postuak baino bi gorago.
Fitxa teknikoa:
4- Vila-real: Asenjo, Mario, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno, Iborra, Moi Gomez (Manu Trigueros, 79. min), Cazorla, Anguissa (Chukwueze, 60. min), Ekambi (Ontiveros, 86. min) eta Gerard Moreno.
1- Alaves: Pacheco, Martín (Guidetti, 84. min), Laguardia, Magallan, Duarte, Aleix Vidal (Borja Sainz, 71. min), Manu Garcia, Wakaso, Rioja (Burke, 67. min), Lucas Perez eta Joselu.
Golak: 1-0, min. 13: Ekambi. 1-1, min. 50: Lucas. 2-1, min. 65: Ekambi. 3-1, min. 84: Gerard. 4-1, min. 91: Ontiveros.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak: Mario Gaspar eta Pau Torres (Vila-real); Joselu eta Magallan (Alaves).