ERREGE KOPA
Alaves Kopatik kanpo geratu da, Jaenen aurka galdu eta gero (3-1)
EITB.EUS
Gasteiztarrek hamar jokalarirekin jokatu dute ia bigarren zati osoan, Laguardiak txartel gorria ikusi baitu.
Alavesek galdu egin du Real Jaenen aurka asteazken honetan, partida bakarrera jokatu den Errege Kopako lehen kanporaketan (3-1).
Gasteiztarrak oso egoera kaskarrean zegoen La Victoria zelaian aritu dira, eta lehen zati eskasa jokatu dute. Baloiaren jabetza eurena izan da, baina apenas izan dira goleko aukerarik sortzeko gai.
Hartara, etxekoak hobeto moldatu dira ezagunagoa zaien berdegunera, eta markagailuan aurrea hartzea lortu dute 14. minutuan, Alvaro Ocañaren bidez. Jaeneko jokalariak barnealdia egin du ezker hegalean zegoen zuloa aprobetxatuta, eta bere jaurtiketa Siverak ukitu duen arren, azkenean sare barrura sartu da.
Hortik eta atsedenaldira bitartean, Alaves saiatu da, baina ez du ia abagunerik sortu. Joseluk izan du aukerarik nabarmenena, buruz; haatik, aurrelari galiziarraren ahalegina langatik gora atera da.
Lehen zatiko azken jokaldian, babazorroek penaltia eskatu dute, Borja Sainz area barruan erori baita; epaileak, ordea, ez du ezer ere ez adierazi.
Bigarren aldea hastearekin batera, gauzak asko okertu zaizkio Gasteizko taldeari, Victor Laguardia atzelariak txartel gorri zuzena ikusi baitu zelai erdian egindako sarrera arriskutsu baten ondorioz.
Horren aurrean, Asier Garitanok aldaketak egin behar izan ditu, eta Tachi zelairatu du Laguardiak atzean lagatako hutsunea betetzeko. Guidetti izan da zelaia utzi behar izan duen jokalaria.
Hirugarren Mailako taldea eroso aritu da hamar jokalarirekin zegoen Alavesen aurrean, kontraerasoak bilatu nahian; izan ere, arabarrek aurrera jotzea baino beste aukerarik ez dute izan (Garitanok Burgui eta Burke sartu ditu Riojaren eta Borjaren ordez, hurrenez hurren), eta zuloak utzi dituzte atzealdean.
Neurketa bukatzeko hamar minuturen faltan, norgehiagoka zoratu egin da. Lehendabizi, etxekoek kanporaketa guztiz erabakita uzteko parada izan dute, zutoinaren aurka bota baitu baloia Javilillok.
Aitzitik, andaluziarrek ez dute denbora larregi itxaron behar izan (lau minutu) markagailura bigarrena igoarazteko. Kontraeraso azkar bat sortu dute, eta Miguel Martinek baliatu du jokaldia Sivera gainditzeko, bigarren saiakeran izan bada ere (2-0, 84. min).
Horren aurrean, Alavesi lotsarenak egitea besterik ez zitzaion geratzen, eta gora jo du erabat, baita gola erdietsi ere Pere Ponsen bidez, taldearen jokaldi on baten ostean (2-1, 86. min).
Haatik, ez dira hor bukatu azken txanpako zirrarak. Bi minutu geroago, Javilillo aurrelariak berriro jaurti du Siveraren zutoinaren aurka, eta, jarraian, Pere Pons berdinketa lortzeko zorian egon da.
Alabaina, azkenerako, etxekoen hirugarren gola iritsi da, ziztu bizian antolatu dute beste kontraeraso batean. Fran Hernandez izan da kanporaketako azken golaren egilea (90. min).
Horrenbestez, Alaves Kopatik kanpo geratu da lehendabiziko kanporaketan.
Fitxa teknikoa:
3- Real Jaen: De la Calzada, Juanjo, Ocaña, Fran Hernandez, Juanma Espinosa, Miguel Martin (Ramon, 88. min), Juanca, Vela Rodriguez (Javilillo, 73. min), Lobato, Mauro eta Gabri (Marcelo, 67. min).
1- Alaves: Sivera, Laguardia, Magallan, Joselu, Guidetti (Tachi, 57. min), Luis Rioja (Burgui, 63. min), Adrián Marín, Pere Pons, Martín, Wakaso eta Borja Saiz (Burke, 73. min).
Golak: 1-0, 15. min: Ocaña. 2-0, 84. min: Miguel Martin. 2-1, 86. min: Pere Pons. 3-1, 88. min: Fran Hernandez.
Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Fran Hernandez eta Miguel Martin (Jaen); Guidetti, Joselu eta Wakaso (Alaves). Txartel gorria: Laguardia kanporatu du txartel gorri zuzena aterata.