Camp Nou zelaian
Alavesek Bartzelonarekin galdu du eta lau partida daramatza garaipenik lortu gabe
Agentziak | Erredakzioa
Arabarrek lehen zati txarra jokatu dute eta atsedenaldian 2 eta 0 izan dira atzetik. Bigarren zatian, 2-1ekoa egin eta berdinketa lortzeko aukerak sortudituzte, baina azkenean 4-1 galdu dute.
Alavesek ezin izan dio 2019ri garaipen batekin agur esan, Bartzelonan 4-1 galdu ostean. Lionel Messi izan da partida kataluniarren alde jarri duena, Bartzelona bigarren zatiaren hasieran estu eta larri egon denean. Messik taldeko hirugarren gola egin du, jokaldi eder batean, aurten bere 50 gola eginez, 58 partidetan.
Lehen zatian, Bartzelona jaun eta jabe izan da, arabarrek defentsan oinarritutako jokoa egin duen bitartean.
Valverderen taldearen nagusitasuna 14. minutuan berretsi du Griezmannek, Pachecoren atea lehen aldiz zulatuz. Frantziarrak eskuinarekin jaurtiketa ederra egin du, Suarezek egindako erdiraketa aprobetxatuz.
Bigarren gola lehen zatiaren azken minutuan iritsi da, Arturo Vidalek egin du, eta pasea, aurrekoan bezala, Luis Suarezena izan da.
Atsedenaldiaren ostean, Alavesek bere minuturik onenak jokatu ditu. Pere Ponsek 2-1ekoa egin du eta arabarrak neurketa berdintzeko aukera argia izan dituzte.
Baina etxekoak estu eta larri ibili direnean, Messi agertu da eta jokaldi pertsonal batean 3 eta 1ekoa jarri du markagailuan.
Azkenik, 4 eta 1ekoa Luis Suarezek egin du, VAR laguntzaile teknikoaren bidez adierazitako penalti baten ondorioz, 75. minutuan.
Fitxa teknikoa
4. Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Semedo, 85. min), Piqué, Umtiti, Jordi Alba; Vidal, Sergio Busquets (De Jong, 80. min), Aleñá; Messi, Suárez (Carles Pérez, 85. min) eta Griezmann.
1. Alaves: Pacheco; Martín, Ely, Ximo Navarro, Duarte; Aleix Vidal (Burke, 85. min), Javi Muñoz (Luis Rioja, 54. min), Pere Pons, Manu, Wakaso (Joselu, 70. min); eta Lucas.
Golak: 1-0, 14. min: Griezmann. 2-0, 45. min: Vidal. 2-1, 56. min: Pere Pons. 3-1, 69. min: Messi. 4-1, 75. min: Suáez (p).