Itxi

23. jardunaldia

Alavesek Eibar mendean hartu du Mendizorrotzan jokatutako derbian (2-1)

eitb.eus

Leer en Castellano

Lucas Perezek eta Oliver Burkek 2 eta 0ekoa jarri dute markagailuan bigarren zatian, eta Orellanak aldea murriztu du azken minutuetan sartutako gol bikainarekin.

Camarasa eta Eteban Burgos, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Alavesek Eibarren aurka jokatutako euskal derbia irabazi du, Santander Ligako 23. jardunaldia hasi duen partidan. Ondorioz, hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira.

Lehen 45 minutuetan joko gutxi eta aukera are gutxiago izan dira. Armaginek arriskua sortzeko asmoa erakutsi dute, baina izandako ideiak ez dituzte gauzatu. Alavesek, berriz, sufritu egin du baloia jokatuta atzetik ateratzeko, armaginak ondo kokatuta egon baitira zelai erdian.

Lehen zatiko aukera bakarra, atsedenaldirako bi minuturen faltan iritsi da. Ximo Navarrok jaurtiketa gurutzatua egin du eta Dmitrovicek erantzun bikaina eman dio, etxekoen lehen gola ekiditeko.

Atsedenaldiaren ostean, eta bigarren zatia hasi eta 12 segundora, Alavesen gola iritsi da. Lucas Perezek egin du, Eibarrek baloia zelai erdian galdu ostean.

Golak min handia egin die Jose Luis Mendilibarren jokalariei, eta Asier Garitanorenak, berriz, esnatu egin ditu. Horrela, arabarrek jokoaren kontrola hartu dute eta arriskua sortzen hasi dira Dmitrovicen atearen inguruan.

Burkeren lehen gola Alavesekin

20 minutu geroago iritsi da Alavesen bigarren gola. Oliver Burke eskoziarrak egin du, markagailuan 2 eta 0ekoa jarriz. Burkek Alavesekin egiten duen lehen gola izan da.

Hala ere, Eibarrek ez du amore eman eta Fabian Orellanak aldea murriztu du gol bikaina sartuta, 83. minutuan. Garitanoren taldeak ondo eutsi dio emaitzari azken minutuetan eta hiru puntuak etxean geratu dira. Alavesek 27 ditu orain, jaitsiera postuak 9 puntura ditu eta Eibarrek baino lau gehiago. Armaginek lau partida daramatzate garaipenik lortu gabe.

Fitxa teknikoa:

2 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Magallán, Duarte; Manu García, Fejsa (Lucas Pérez, 46. min), Camarasa, Aleix, Burke (Édgar Méndez, 71. min); eta Joselu (Martín, 83. min).

1 - Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Burgos, Bigas (De Blasis, 71. min), Cote; Edu Expósito, Diop, Cristóforo (Inui, 83. min), Pedro León (Charles, 57. min), Orellana; eta Enrich.

Golak: 1-0, 46. min: Lucas Pérez. 2-0, 66. min: Burke. 2-1, 84. min: Orellana.

Bideoak (1)