Atletico Madrilen aurka (2-1)
Alavesek hirugarren porrota jarraian jaso du
Erredakzioa
Arabako taldeak 2-1eko emaitzarekin galdu du Atletico Madrilen aurka Wanda Metropolitano estadioan. Bolada txarrean jarraitzen dute gasteiztarrek.
Alavesek galdu egin du Atletico Madrilen aurka (2-1) Wanda Metropolitano estadioan jokatu duen Ligako 32. jardunaldiko partida, eta hirugarren porrota jarraian jaso du. Sailkapenean 35 punturekin dago talde gasteiztarra, jaitsiera postuetatik 9 puntura.
Asier Garitano Alaveseko entrenatzaileak bederatzi aldaketa egin ditu hamaikakoan Ligako azken neurketarekin alderatuta. Atletico Madril izan da nagusi hasieran, eta talde koltxoneroak abaguneak izan ditu. Moratak kanpora errematatu du 8. minutuan, bi minutu beranduago Saulen jaurtiketa gora joan da, eta Joao Felixek txilenaz egin duen erremateak ere ez du Pachecok defendatzen duen atea aurkitu, 11. minutuan. Alavesen erantzuna 18. minutuan heldu da, baina Oblak atezainak arazo gabe gelditu du Aleix Vidalen errematea. Arabako taldea ondo ibili da defentsako lanean, eta ez du gehiegi sufritu. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, Gimenezek aukera izan du Atletico Madrilentzat, baina haren errematea langa gainetik kanpora joan da.
Bigarren zatiaren hasieran ere Atletico Madril izan da nagusi. Hala ere, Alaves ondo ibili da defentsako lanean eta ez dio abagune asko sortzen utzi Simeonek zuzentzen duen taldeari. Neurketako 59. minutuan, ordea, Trippierrek erdiraketa ona jarri eta Saulek 1-0ekoa sartu du, buruz Pacheco atezainak babestutako atea zulatuta.
Gola hartu eta lasterrean, 63. minutuan, Alavesek berdinketa lortzeko aukera izan du, baina Burkeren errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Horixe izan da Arabako taldeak izan duen abagune nabarmenena. Ondoren, Atletico Madril egin da baloiaren jabe eta Pachecok koltxoneroen gola eragotzi du, Marcos Llorenteren jaurtiketa desbideratuta. Hurrengo minutuan, epaileak Duartek Llorenteri egin dion penaltia adierazi du, Diego Costak egin du penalti jaurtiketa, 2-0ekoa sartuz.
Ezinean ibili da Alaves bigarren zatian, ia partida osoan zehar bezala. Dena den, epaileak Arabako taldearen aldeko penaltia adierazi du 90. minutuan eta Joseluk sartu du 2-1ekoa, hamaika metroetatik Oblak gaindituta. Gola berandu iritsi da, eta Atletico Madrilen eskuratu ditu hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Savic, Gimenez, Lodi; Correa (Diego Costa, 57. min), Thomas, Saul, Koke; Joao Felix (Carrasco, 65. min) eta Morata (Marcos Llorente, 57. min).
1 - Alaves: Pacheco; Martin Aguirregabiria, Tachi, Ely, Adrian Marin (Pau de la Fuente, 79. min); Fejsa; Edgar (Duarte, 62. min), Abdallahi, Pere Pons (Luis Rioja, 79. min), Aleix Vidal (Joselu, 62. min); eta Burke (Camarasa, 86. min).
Golak: 1-0, 59. min: Saul. 2-0, 73. min: Diego Costa, penaltiz. 2-1, 93. min: Joselu, penaltiz.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Thomas (40. min), Savic (75. min) eta Koke (92. min) Atletico Madrileko jokalariei, baita Pere Pons (45. min) eta Adrian Marin (58. min) Alaveseko futbolariei.