Itxi

33. JARDUNALDIA

Lau partida segidan galdu ditu Alavesek, eta jaitsieratik aldendu gabe jarraitzen du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Asier Garitanoren taldeak ezin izan du Granada gainditu Mendizorrotzan, eta 35 puntuetan daude iltzatuta.

Alaveseko eta Granadako jokalariak baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

Alavesek emaitza bolada txarrean murgilduta jarraitzen du, asteazken honetan Granadaren aurka galdu ostean (0-2). Gasteiztarrek lau porrot pilatu dituzte segidan, 35 punturekin jarraitzen dute, eta jaitsiera postuetatik ezin aldenduta dabiltza, hiru puntu besterik ez baitituzte lortu geldialditik bueltatu eta gero.

Andaluziarrek, bestalde, Antonio Cortes "Antoñin" eta Roberto Soldadok erdietsitako golekin ziurtzat dute Lehen Mailari eustea, eta Europako postuetara iristeko aukerekin jarraitzen dute.

Granadakoak trebeziaz eta abiaduraz ekin diote lehiari. Hasierako minutuetan Roberto Jimenezen inguruetan ibili dira, eta etxeko defentsak zorrotz jardun behar izan du arriskua aldentzeko.

Diego Martinez Granadako entrenatzaileak hiru erdiko atzelariz osatutako defentsari aurre egitea egokitu zaie Lucas Perezi eta Joseluri. Dena den, Ruben Duarte izan da aurkarien atera arriskua eraman duen lehena, 11. minutuan, baina bere jaurtiketa gurutzatuegia joan da.

Ondoren, Alavesek bere aldera eraman du neurketa, eta ez die andaluziarrei jokoa sortzen utzi. Baina, 26. minutuan, jokaldi nahasi baten ostean, Roberto Soldadok, baloia Antonio Puertasi uztea lortu du. Haren saiakerari gelditu bikaina egin dio Roberto Jimenez Alaveseko atezainak, baina ezin izan du Antoñinen gola saihestu, hark aldaratzea baliatu duenean.

Lisandro Magallan argentinarrak bere oinetan izan du berdinketa, baina erdiko atzelariak, dena alde zuela, huts egin du errematean, Lucas Perezek erdiratutako falta batean.

Asier Garitanoren mutilek ez dute atzera egin, eta uneoro bilatu dute Joseluren eta Lucas Perezen arteko elkar-ulertzetik arrisku-jokaldia atera zedila. Eta hala izan da, baina Alaveseko zazpi zenbakiak zutoinaren aurka bidali du Joseluk orpoz utzitako baloia.

Alavesek ekinean jarraitu du aldageletara joan aurretik, baina Joseluren burukada atearen erdialdera joan da, eta Aaronek arazorik gabe harrapatu du.

Aitzitik, gasteiztarrek kolpe gogorra jaso dute bigarren zatia hasi eta berehala. Izan ere, Andaluziako taldeak eratutako jokaldi baten ostean, Soldadori franko geratu zaio baloia, eta aurrelari beteranoaren jaurtiketak bikain gainditu du Roberto Jimenez.

Garitanok hiru aldaketa egin ditu aldi berean erreakzioaren bila, eta Oliver Burke zelairatu berria partidako gidoi aldatzear izan da. Hegaleko aurrelari eskoziarrak ondo eraman du baloia korrikaldi batean, baina haren errematearen aurrean seguru agertu da Aaron atezaina.

Alavesek erasora jo du, Granadak kontraerasoren bat bilatzen zuen bitartean Darwin Machisen eskutik. Venezuelarrak izan du bere parada, baina ezin izan du hirugarren golik erdietsi.

Geldikako jokaldiak izan dira beste behin babazorroen armarik onena tarte horretan, ez baitute beste modurik aurkitu aurkariaren atera heltzeko. Horrenbestez, Granadak ez du larritasun handirik igaro arauzko denborara iritsi eta hiru puntuak bereganatzeko.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Roberto, Ximo Navarro (Martín, 63. min), Magallán, Laguardia, Duarte (Adrián Marín, min. 83), Aleix Vidal (Édgar, 63. min), Tomás Pina (Pons, 70. min), Camarasa, Rioja (Burke, 63. min), Joselu eta Lucas.

2 - Granada: Escandell, Foulquier, José Antonio, Vallejo, Duarte, Azeez, Yangel Herrera (Yan Eteki, 68. min), Antonio Puertas (Víctor Díaz, 73. min), Días, Antoñín (Machís, 46. min) eta Soldado (Carlos Fernández, 68. min).

Golak: 0-1, 26. min: Antoñín. 0-2, 49. min: Soldado.

Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Duarte, Martín eta Pons (Alaves); Antoñín eta Soldado (Granada).

Albisteak (4)

Bideoak (1)