Itxi

1-0

Alavesek Valladoliden aurka galdu eta bosgarren porrota jarraian jaso du

Erredakzioa

Leer en Castellano

Arabako taldeak 1-0eko emaitzarekin galdu du Jose Zorrillan. Taldeak itxura kaskarra eskaini du beste behin. Talde gasteiztarrak sei puntuko abantaila du jaitsiera postuekiko.

Valladolid - Alaves partidako irudia. Argazkia: EFE

Alavesek galdu egin du Valladoliden aurka (1-0) jokatu duen Santander Ligako 34. jardunaldiko partida. Ondorioz, Arabako taldeak 35 punturekin jarraitzen du, eta sei puntuko abantaila du jaitsiera postuan de Mallorcarekiko.

Lehen zati kaskarra eskaini dute bi taldeek. Baloiaren jabe egiteagatik borrokan ibili dira, lehia gogorra izan da, baina abagunerik sortu ezinda biak ala biak. Alavesek eman du abisua 15. minutuan, baina Duarteren errematea kanpora joan da. Neurketako 35. minutuan, Duarte izan da protagonista, baina min hartu duelako, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Golik gabeko berdinketaren heldu da lehia atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, 54. minutuan, Valladolidek izan du abagunea langa gainetik kanpora joan den Alcarazen jaurtiketa baten bidez. Pucelako taldeak gola sartzeko aukera izan du 62. minutuan, baina Roberto atezainak eragotzi du gola, Unalen erremateari erantzun bikaina emanda.

Valladolidek izan dituen abagune bien ostean, norgehiagokaren erritmoa moteldu egin da, eta bi taldeetako bat ere ez da jokaldi arriskutsuak sortzeko gai izan. Hala ere, 88. minutuan, Pucelako taldeak eskuin hegaletik falta bat atera du, Alaveseko defentsak ez dira baloia aldentzeko gai izan, eta Joaquinek 1-0ekoa sartu du, area barrutik egin duen jaurtiketarekin Roberto atezaina gaindituta.

Gola jaso ostean, Arabako taldea ez da aurkaria estutasunetan jartzeko gai izan, eta Valladolidek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Robertok gelditu egin du Unalen jaurtiketa. Azkenean, porrota jaso du Alavesek.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Valladolid: Masip; Moyano, Joaquín, Javi Sanchez, Raul Carnero; Hervias (Oscar Plano, 56. min), Alcaraz (Kike Perez, 78. min), Fede San Emeterio, Toni Villa (Waldo, 56. min); Miguel (Ünal, 61. min) eta Guardiola (Kiko Olivas, 78. min).

0 - Alaves: Roberto; Martin, Laguardia, Magallan, Duarte (Marin, 31. min); Fejsa (Joselu, 57. min), Camarasa (Borja Sainz, 89. min), Pina (Manu, 89. min); Burke, Lucas (Pere Pons, 57. min) eta Edgar.

Gola: 1-0, 88. min: Joaquin.

Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak atera dizkie Miguel de la Fuente (28. min), Oscar Plano (90. min) eta Ünal (90. min) Valladolideko jokalariei, baita Fejsa (32. min) eta Pina (38. min) Alaveseko futbolariei.

Bideoak (1)