Itxi

Emaitza txarren ondorioz

Alavesek Asier Garitano kargugabetu du; Muñiz, entrenatzaile berria

eitb.eus

Leer en Castellano

Taldeak bosgarren partida jarraian galdu zuen larunbatean Valladolidekin 1 eta 0 amaituta. Juan Ramon Lopez Muñizek zuzenduko taldea denboraldi amaierara arte.

Juan Ramon Lopez Muñiz, Alaveseko entrenatzaile berria. Argazkia: @Alaves

Alavesek Asier Garitano entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du, azken asteetako emaitza txarren ondorioz taldea jaitsiera postuetatik gertu dagoela ikusita. Juan Ramon Lopez Muñizek zuzenduko Arabako taldea denboraldi amaierara arte.

Muñiz talde tekniko berriarekin jarriko da lanean. Alvaro Reina Lopez izango da bigarren entrenatzailea, eta Antonio Jose Lopez Mengual izango da atezainen entrenatzailea.

Alaves etenaldiaren ostean lehiaketa berrabiarazi zenetik emaitza eskasenetarikoak izan dituzten taldeen artean dago. Jokoan izandako 21 puntuetatik hiru bakarrik lortu dituzte, Leganesek bakarrik lortu ditu arabarrek baino puntu gutxiago: madrildarrek bi puntu irabazi dituzte bakarrik.

Gasteiztarrek garaipen bakarra lortu dute etenaldiaren ostean, Realaren aurka (0-2), baina gainontzeko partidetan ez dute konfinamenduaren aurretik emandako maila erakutsi.

Celtarekin 6 eta 0 galdu zuten, eta horrek Josean Kerejeta presidentearen adierazpenak ekarri zituen: "Jokalariek ez badute aurrera pauso bat ematen, datorren urtean Bigarren Mailan egingo gara".

Hitz horien ostean, Valladoliden partida final baten antzera hartu zuten. Taldeak 1 eta 0 galdu zuen Pucelan eta horrek Garitanoren kargugabetzea eragin du.

Alavesek jaitsiera postuetan dagoen Mallorcak baino 6 puntu gehiago dauzka. “Averagea” alde dute gasteiztarrek, baina Mallorcak egutegi errazagoa du.

Arabarrek Real Madril, Getafe, Betis eta Bartzelona izango dituzte aurkari LaLiga amaitzeko geratzen diren lau jardunaldietan. Mallorcak, berriz, Levante, Sevilla, Granada eta Osasuna.

Klubak eskerrak eman dizkie Garitanori eta berarekin lanean aritu diren teknikariei "egindako lanagatik eta eraklutsitako arduragatik", eta, horrekin batera, "zorterik onena" opadie "etorkizun profesionalean".

Albisteak (3)