Kargatzen...
Itxi

20. jardunaldia

Real Madrilek erabat zapuztu du Alavesen mendeurreneko jaia (1-4)

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Talde zuria etxeko taldea baino askoz gehiago izan da lehen zatian, eta partida erabakita utzi du lehen zatian lortu duen 0 eta 3koarekin

Your browser doesn’t support HTML5 video

Real Madrilek 1-4 gainditu du Alaves, eta, bide batez, erabat zapuztu du Gasteizko taldearen mendeurreneko festa. Madrildarrek erabakita utzi dute lehia lehen zatian (0-3), eta lasai agertu da etxeko taldeak aldageletatik igaro ostean aldea murriztu duenean.

Talde babazorroa ideia argiekin ekin dio lehiari, eta joko zuzena eginez norgehiagokako lehen aukera izan du Joselu Mato protagonista zela, baina Real Madril izan zen 15. minutuan aurrea hartu duena, Casemirok korner batean jo duen burukadarekin.

Golak hauspoa eman dio talde zuriari, eta errenta handitzetik gertu egon da Ferland Mendy frantziarraren barneraldi on batekin. Aitzitik, Ximo Navarrori bizkarra irabazi eta Fernando Pachecoren aurrean jarri ostean, atera jaurti beharrean Benzemari pasea eman nahi izan dio, eta Lejeune gertu egon da madrildarren aukera bertan behera uzteko.

Zurien konfiantza nabaria zen, eta behin eta berriz hausten zuten arabarren defentsa. Halako batean, 27. minutuan, Eden Hazardek, gertu izan du gola, baina gehiegi gurutzatu du area barrutik egindako jaurtiketa.

Azkenean, 41. minutuan, Benzemak markagailuko aldea handitzea lortu du, Pachecok gelditu ezin izan duen jaurtiketa indartsu batekiMadrildarrek beren eraginkortasunaren beste adibide bat azaldu dute handik gutxira, Hazardek atsedenaldira iritsi orduko egin duen hirugarren golarekin. Zigor gogorregia, beharbada, Alavesentzat.

Madrildarrek beren eraginkortasunaren beste adibide bat azaldu dute handik gutxira, Hazardek atsedenaldira iritsi orduko egin duen hirugarren golarekin. Zigor gogorregia, beharbada, Alavesentzat.

Abelardo bere taldearen irudia aldatzen saiatu da atsedenaldian, hiru aldaketa eginez, tartean Lucas Perezena, eta horrek erasoari bizitasun gehiago eman dio. Hartara, Joselu aldea murrizteko zorian izan da bigarren zatiko hastapenean, baina Courtois bikain batekin egin du topo.

Arabarren jokoak hobera egin du haien intentsitatea areagotu denean, eta Lucas Perezek ederto erdiratu duen falta bat baliatu dute markagailua estutzeko, Joseluren burukada ederraren bidez (59. minutua).

Gasteiztarrek bigarrenaren bila jo dute orduan; haatik, Real Madrilen laugarrena izan da heldu dena, kontraeraso azkar baten bidez, Benzemak maisutasunez gauzatu duena, 71. minutuan. Gol horrek ezerezean utzi ditu markagailua iraultzeko Alavesek zituen itxaropen apurrak.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (Borja Sainz, 46. min), Lejeune, Laguardia, Duarte; Martín Aguirregabiria, Battaglia (Manu García, 46. min), Tomás Pina (Pons, 71. min), Rioja (Lucas Pérez, 46. min); Édgar Méndez eta Joselu (Deyverson, 78. min).

4 - Real Madril: Courtois; Lucas Vázquez, Militao, Varane, Mendy; Casemiro, Modric (Isco, 76. min), Kroos, Asensio (Odriozola, 76. min), Hazard (Vinicius, 63. min) eta Benzema.

Golak: 0-1, 15. min: Casemiro. 0-2, 41. min: Benzema. 0-3, 46. min: Hazard. 1-3, 59. min: Joselu. 1-4, 70. min: Benzema

Epailea: Hernández Hernández. Txartel horiak: Ximo, Manu García, Laguardia, Borja eta Édgar (Alaves); Militao, Mendy eta Benzema (Real Madril).

Albisteak (4)

Bideoak (1)