Kargatzen...
Itxi

KOMUNIKATUA

Abelardok ez du Alaves entrenatzen jarraituko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Astelehen honetatik aurrera, entitate gasteiztarrak eta entrenatzaile asturiarrak urtarriletik zuten lotura amaitutzat eman dute.

Abelardo. Argazkia: Alaves

Abelardo Fernandezek Alavesen entrenatzaile izateari utzi dio astelehen honetan, taldea Santander Ligako azkena denean.

Klub gasteiztarrak jakinarazi duenez, gaurtik aurrera entrenatzaile asturiarrak entitatearekin zuen lotura amaitu da eta bere "konpromiso eta profesionaltasuna" eskertu dio.

Abelardo urtarrilean iritsi zen bigarrenez Alavesera, Pablo Machin ordezkatzeko.

Taldea gidatzen hasi zenetik, babazorroek 5 puntu soilik lortu dituzte hamaika jardunalditan eta bakarra jokoan ziren azken 21etatik.

Abelardo Alavesen laugarren entrenatzailea izan da urte bat baino gutxiagoko epean, Garitano, Muñiz eta Machinen ondoren.

Geroago, Abelardok berak agur esateko gutun bat kaleratu du, taldeak mailari eutsi diezaiola nahi duela azalduz, eta horregatik hartu duela "hain erabaki gogorra".

Esan duenez, ez da "amore ematen duen horietakoa" baina "profesional zintzoa" denez, iritzi dio onena dela "aulkia beste bati uztea".

"Bihotzeko min guztiarekin egiten dut, baina aukera bakarra da", esan du "Pituk". Urtarrilean klubera iritsi zenetik, "zeukan guztia" eman duela gaineratu du, "baita pixka bat gehiago ere", "Alavesek aurrera egin ahal izateko".

Aitortu du ez dela gai izan "Alavesek Lehen Mailan jarrai dezan bidea aurkitzeko", eta ez du "gertatzen ari den guztiaren errudunik" bilatu nahi, horrek "egoera zailtzea" baino ez bailuke ekarriko.

"Norbera konponbidea ez denean, arazoaren parte da, eta hobe da, taldearen norabidea aldatzeko denbora dagoenez, hori egiteko gai den norbait etortzea eta jokalariek helburua lortzea", erantsi du.

Albisteak (1)

Bideoak (2)