0-2
Alavesek mailari eusteko aurrerapausoa eman du, Elx mendean hartuta
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak 0-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Martinez Valero zelaian. Aurkari zuzenaren aurka eskuratu ditu hiru puntuak. Joselu eta Luis Rioja izan dira golegileak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alavesek aurrerapausoa eman du mailari eusteko lehian, Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan Elx aurkari zuzena mendean hartuta (0-2). Arabako taldeak 35 puntu ditu, eta gertuago du salbazioa.
Ondo ekin dio neurketari Alavesek. Luis Riojak min egin dio Elxi hegaletik eta arriskua eraman du aurkariaren te ingurura. Lehen abagunea Helibelton Palaciosen huts baten ostean etorri da, baina Joseluk ezin izan du errematatu Riojaren erdiraketa. Elx ezinean ibili da, Alavesek ez baitio aukerarik eman. Hala ere, etxeko taldeak markagailuan urretik jartzeko aukera izan du Lucas Boyeren erremate on baten bidez, baina Pacheco atezainak gola eragotzi du. Hurrengo jokaldian, Riojaren jaurtiketak zutoina jo du, eta Edgarrek ezin izan du aldaratzea jaso.
Talde biek abaguneak izan ostean, neurketaren erritmoa asko moteldu da, eta atsedenaldira golik gabe iritsiko zela ematen zuenean, Riojak jokaldi bikaina egin du, pasea eman, eta Joseluk gola sartu du (0-1).
Bigarren zatian erasokorrago zelairatu da Elx, baina ez da abagune argiak sortzeko gai izan. Alaves sendo ibili da defentsako lanean, eta min egiteko aukerak izan ditu kontraerasoan. Gauzak horrela, Joseluk Josemaren hutsa baliatu du baloia berreskuratzeko, Riojari eman dio, eta honek 0-2koa jarri du markagailuan.
Partidako azken txanpan Elxek erasora jo du. Pacheco atezainak berriz gola eragotzi du, Lucas Boteren erremateari erantzun bikaina emanda, eta hortxe amaitu dira Alacanteko taldeak izan dituen aukerak. Alavesek beste golen bat sartzeko abaguneak izan ditu, baina ez du gol gehiago sartzea lortu, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
0 - Elx: Gazzaniga; Palacios, Diego Gonzalez, Dani Calvo, Josema (Piatti, 56. min); Josan (Pere Milla, 56. min), Mfulu (Victor, 56. min), Marcone (Nino, 78. min), Fidel; Lucas Boye eta Guido Carrillo.
2 - Alaves: Pacheco; Martin; Laguardia, Lejeune, Duarte; Pere Pons (Ximo Navarro, 82. min), Pina, Manu Garcia; Rioja (Pellistri, 78. min), Edgar (Jota Peleteiro, 78. min) eta Joselu (Deyverson, 91. min).
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak atera dizkie Edgar, Tachi eta Pina Alaveseko jokalariei, baita Mfulu Eleko futbolariari.
Golak: 0-1, 39. min: Joselu. 0-2, 53. min: Rioja.