37. jardunaldia
Alavesek mailari eutsi dio Granadari irabazita (4-2)
A. A. | EITB MEDIA
Babazorroek 38 puntu dituzte, eta ez dute inolako buruhausterik izango azken jardunaldian.
Alavesek Lehen Mailan jarraituko du beste denboraldi bat gehiagoz Mendizorrotzan Granadari 4-2 irabazi eta gero. Garaipen horrekin gasteiztarrek 38 puntu lortu dituzte, eta horrek seigarren urtez segidan Lehen Mailan jarraitzea ahalbidetu die babazorroei, klubaren mendeurrenaren urtean.
Norgehiagoka ez da izan markagailuak erakusten duen bezain erraza; izan ere, etxekoak 2-0 aurreratu diren arren, Granada emaitza orekatzeko gai izan da, etxekoengan zalantza une txiki bat eraginez.
Hala, Pere Ponsek eta Ruben Duartek partidako lehen 20 minutuetan sartutako golek itxuraz bideratuta utzi dute neurketa babazorroentzat, Javi Callejak zuzentzen duen taldearen hasiera on batean. Aitzitik, Granada berdintzeko gai izan da, nahiz eta erasoko jokoan ez duen gehiegi erakutsi, baina Jorge Molinak atsedenaldiaren aurretik lehendabizi eta Antonio Puertasek 63. minutuan ondoren, bi eta bikoa ezarri dute behin-behinean.
Hala eta guztiz ere, gasteiztarrak ez dira behera etorri, eta hiru minutu geroago, Joselu Matok berdinketa hautsi du Victor Laguardiaren pase bikain bati bukaera ezin hobea emanda. Gasteiztarren jaiari Luis Riojak jarri dio ginga 72. minutuan.
Hortik aurrera, markagailuak ez du aldaketa gehiagorik izan, amaieran poza izan da nagusi zelaian gainean.
Fitxa teknikoa:
4 - Alaves: Pacheco; Martín (Ximo, 90. min); Laguardia, Lejeune, Duarte; Pere Pons, Pina (Borja Sainz, 90. min), Battaglia; Rioja (Pellistri, 73. min), Lucas (Manu García, 85. min) eta Joselu (Guidetti, 90. min).
2 - Granada: Aaron; Foulquier, Nehuen, Domingos Duarte, Quini; Gonalons (Fede Vico, 41. min), Yan Eteki (Domingos Quina, 84. min); Soro (Machís, 57. min), Luis Suárez, Adrián Marín; Jorge Molina.
Golak: 1-0, 8. min: Pons. 2-0, 21. min: Duarte. 2-1, 31. min: Molina. 2-2, 63. min: Puertas. 3-2, 66. min: Joselu. 4-2, 72. min: Rioja.
Epailea: José María Sánchez Martínez. Txartel horiak: Rioja eta Battaglia (Alaves); Nehuen, Yan Eteki, Domingos Duarte eta Quini (Granada).