Errege Kopa
Alavesek aurrera egin du Kopan, Unami mendean hartuta
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak 0-3ko emaitzarekin irabazi du Segovian jokatu duen Errege Kopako lehen kanporaketako partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alavesek irabazi egin du Unamiren aurka (0-3) asteazken honetan Segovian jokatu duen Errege Kopako lehen kanporaketako partida, eta aurrera egin du txapelketan.
Arabako taldea nagusi izan da hasieratik, eta Unami behin gerturatu da Sivera atezainak babestutako atera. Lehiako 14. minutuan izan du lehen abagune argia Alavesek, baina Manu Garciaren jaurtiketak zutoina jo du. Ondoren, 31.ean, Unamiko atezainak gola eragotzi du, Syllaren errematea desbideratuta. Lau minutu geroago, atepetik atera du baloia atezainak, Ivan Martinen errematea sare barrura sartzea eragotzita.
Baloiaren jabe izan da Alaves, abagune argiak izan ditu golak sartzeko, baina bigarren zatia golik gabeko berdinketarekin hasi da. Gasteizko taldea erasokor ibili arren, kostatu egin zaio gola egitea. Pellistrik area kanpotik egin duen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio atezainak 55.ean, eta, 65.ean, Guidettik jarri du 0-1ekoa markagailuan; Luis Riojak jokaldi ona egin, eta aurrelari suediarrak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean.
Unami berdinketaren bila jotzen saiatu da gola hartu ostean; hala ere, ez da gai izan aurkariaren ate inguruan arriskua sortzeko. 82. minutuan, Alavesek partida erabakita utzi du Syllak sartu duen golarekin (0-2). Gainera, 91. minutuan, Luis Riojak Alavesen garaipena biribildu du, 0-3koa sartuta.
Fitxa teknikoa:
0 - Unami CP: Chema, Cámara (Marcelo, 63. min), Adrián (Ousama, 86. min), Vicente, Jorge, Ruben, De la Cruz (Terleira, 50. min), Quino, Prieto, Chechu (Brañas, 86. min) eta Koby (Varo, 86. min).
3 - Alaves: Sivera, Saul Garcia, Tachi, Miazga, Javi Lopez (Abqar, 46. min), Manu García, Balboa (Rioja, 61. min), Ivan Martin (Toni Moya, 61. min), De la Fuente (Pellistri, 46. min), Sylla eta Guidetti (Mendes, 83. min).
Golak: 0-1, 65. min: Guidetti. 0-2, 82. min: Sylla. 0-3, 91. min: Luis Rioja.
Epailea: Ortiz Arias. Txartel horiak atera dizkie Jorge, Javi de la Cruz eta Chechu Unamiko jokalariei, baita Unamiko entrenatzaileari eta De La Fuente Alaveseko futbolariari ere.