Emaitza txarren ondorioz
Alavesek Javi Calleja entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du
Agentziak | EITB MEDIA
Radio Vitoriak konfirmatutakoaren arabera, klubak urtarrilean emango du ofizialki erabaki horren berri. Madrildarrak kontratua du 2023ko ekainera arte.
Javi Calleja Alavesen entrenatzaile izateari utziko dio, madrildarrak eta klubak kontratua etetea adostu ostean, Radio Vitoriak konfirmatutakoaren arabera. Callejak 2023ko ekainera arte du kontratua talde arabarrarekin.
Madrildarrak, beraz, ez du Gasteizen jarraituko, eta kargugabetzearen berri urtarrilaren 1ean ematea adostu du talde arabarrarekin.
Calleja apirilean iritsi zen Gasteizera Abelardo Fernandezek utzitako lekua betetzeko, eta taldeak Lehen Mailan jarraitzea lortu zuen.
Hori ikusita, klubak bi urtez luzatu zion kontratua, 2023ra arte, baina azken emaitzekin entrenatzaileak klubaren konfiantza galdu du. 15 puntu bakarrik lortu ditu Alavesek azken 18 partidetan.
Gol gehien jaso dituen taldea
Azken asteetako emaitza txarrek Callejaren kargugabetzea behartu dute. Azken 15 puntuetatik bakarra lortu du Alavesek eta Errege Kopatik kanpo geratu da, Linares Deportivorekin galduta. Entrenatzaileak ez du Camp Noun eta Sanchez Pizjuan bezalako zelai zailetatik puntu bana ateratzea lortu zuen taldearekin asmatzea lortu.
Gaur arte, Alaves ligan gol gehien jaso dituen hirugarren taldea da, 29, Cadizen eta Levanteren atzetik, eta gol gutxien egiten dituen bigarrena, 15, Getafek baino hiru gehiago.