F Liga
Alaves-Atletico Madril F Ligako partida Mendizorrotzan jokatuko dute, martxoaren 26an
EITB MEDIA
Txapelketa horretako 23. jardunaldiko partida da, eta 12:00etan hasiko da.
F Ligako 23. jardunaldiko Alaves-Atletico Madril partida Mendizorrotzan jokatuko dute, martxoaren 26an (igandea), 12:00etan, Gasteizko klubak gaur, martxoak 2, jakitera eman duenez.
Ligako 19 jardunaldi jokatu direnean, Iñigo Juaristik entrenatzen duen taldea jaitsiera postuetan dago; postu horietatik kanpo dagoen lehen taldeak, baina, Alavesek baino bi puntu gehiago besterik ez du. Gasteiztarrak 16. postuan daude, 12 punturekin, eta Betis 14.ean, 14 punturekin. Atletico Madril, aldiz, 4. dago. Alavesek Ibaian jokatzen du gehienetan, etxeko talde gisa, baina madrildarren aurkako neurketa Mendizorrotzan jokatuko dute.
Alavesek zehaztu duenez, emakumezkoen taldearen abonatuek, partidarako sarreraz gain, gonbidapen bat jasoko dute, eta gizonezkoen taldearen abonatuak euren ohiko aulkian eseri ahalko dira Mendizorrotzan. Gainerako zaleentzako sarrerak 5 euroan izango dira salgai.
Horrenbestez, hirugarren aldiz arituko da Alaveseko emakumezkoen taldea Mendizorrotzan. 2019ko martxoaren 31n egin zuen estreinakoz, Athletic B taldearen aurka, eta 8.000 ikusle baino gehiago bildu ziren futbol zelaian; gerora, 2021-22 denboraldian, 2021eko abenduaren 19an, Alaves-Levante neurketa ere jokatu zuten bertan.
Martxoko azken asteburu horretan, 23. jardunaldian, F Ligako beste euskal talde batek, Athleticek, etxeko talde bezala erabiltzen duen ohiko zelaia aldatuko du; hain zuzen, Athletic-Sevilla partida San Mamesen jokatuko dute, martxoaren 24an (ostirala), 20:00etan.