40. jardunaldia
Alavesek puntu bat salbatu du Albaceten, luzapenean (1-1), eta zuzeneko igoeraren lehian jarraitzen du
EITB MEDIA
Gasteizko taldeak lehen zatian jaso du gola, kontraeraso batean, baina amaierara arte ibili da berdinketaren bila, eta korner batean lortu du. Luis Garcia Plazaren gizonak, ondorioz, hirugarren postuan daude; Granada da liderra, oraingoz behintzat, eta Alavesek bi puntura du.
Alavesek 1-1 berdindu du Carlos Belmonte zelaian, Albaceteren aurka, igandean, SmartBank Ligako 40. jardunaldian, eta, hala, zuzeneko igoeraren lehian jarraitzen du. Gasteizko taldeak lehen zatian jaso du gola, kontraeraso batean, baina ez du amore eman, eta amaierara arte borrokatu da berdinketaren bila; azkenean, korner batean lortu du, etxeko taldearen jokalari batek baloia bere atean nahi gabe sartuta. Luis Garcia Plazaren gizonak, ondorioz, sailkapenaren hirugarren postuan daude; Granada da liderra, oraingoz behintzat, eta Alavesek bi puntura du. Hori bai, Las Palmasek oraindik jokatu behar du, eta talde horrek aukera du lehen postura iristeko.
Albacete-Alaves partidaren laburpena (0-0)
Bi taldeek behar zituzten hiru puntuak, azken bi jardunaldietan helburuak lortzeko moduan egoteko: Albacetek igotzeko promoziorako txartela ziurtatu nahi zuen; Alavesen asmoa, aldiz, berriro zuzeneko igoerako postuetan sartzea zen. Testuinguru horretan, lehen zatia parekatua izan da; Gasteizko taldea zelai erdia kontrolatzen eta jokoan agintzen ahalegindu da, baina etxekoak sasoi onean daude denboraldiko tarte erabakigarrian, eta erronkari ondo heldu diote. Hala, 39. minutuan, kontraeraso azkar eta on batean, Maikel Mesak 1-0ekoa jarri du markagailuan, baloia sareetara bidaliz.
Bigarren zatian, Alavesek Albacete estutu du, eta arriskua sortu du, bereziki kornerretan eta faltetan. Luis Garcia Plazaren taldeak, gainera, ondo itxi du atzealdean, Albaceteren abiadura arriskutsua baitzen. Azken minutuetan, Alavesek ahalegin handia egin du berdinketaren bila, eta azkenean, 91. minutuan, Higinio Albaceteko jokalariak bere atean sartu du markagailuan 1-1ekoa jarri duen gola.
Alavesek gehiago nahi zuen, eta bigarren golaren bila aritu da, geratzen ziren minutuetan, baina markagailua ez da berriro mugitu. Alavesek gertu-gertu ditu lehenengo bi postuak, alegia, Santander Ligara zuzenean igotzea dakarten tokiak.
Fitxa teknikoa
Albacete: Altube, Alvaro (Carlos Isaac, 80. min), Djetei, Boyomo, Glauder, Fuster, Riki, Olaetxea, Julio Alonso (Fran Alvarez, 83. min), Maikel Mesa (Higinio, 66. min) eta Escriche (Ros, 80. min).
Alaves: Owono, Tenaglia, Abqar, Sedlar, Javi Lopez, Jason (Rebbach, 56. min), Rober, Blanco (Benavidez, 68. min), Toni Moya (Salva Sevilla, 56. min), Rioja eta Sylla (Villalibre, 68. min).
Golak: 1-0: Maikel Mesa (39. min), 1-1: Higinio (bere atean, 91. min).