ZOZKETA
Mendizorrotzako futbol-zelaiak ateak irekiko dizkie Gasteizko herritarrei maiatzaren 23 eta 24an
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehun pertsonak zelaiko instalazioak bisitatu ahalko dituzte, baita Alaveseko jokalariekin eta Babazorro maskotarekin argazkiak atera ere.
Mendizorrotzako futbol-zelaiak ateak irekiko dizkie maiatzaren 23an eta 24an gasteiztarrei. Ehun pertsonak zelaia bisitatzeko aukera izango dute egun horietan, eta jokalariekin eta Babazorro maskotarekin argazkiak atera ahalko dituzte.
Gasteizko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, maiatzaren 22an izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute, eta izen-emate guztietatik 25 irabazle aterako dira egun bakoitzerako, guztira 50. Pertsona horiek lagun batekin joan ahal izango dira zelaia bisitatzera.
Egun horietan, aldagelak, aldageletako tunela eta aulkiak ikusiko dituzte. Bukatzeko, Alaveseko lehen taldeko eta Alaves Gloriosaseko jokalari guztiekin eta Babazorro maskotarekin aterako dute argazkia.
Joateko interesa dutenek izena eman beharko dute joan nahi diren eguneko (edo bi egunetako) orrian, 23koan edo 24koan. Astearterako plaza ziurtatzen duenak ezingo du asteazkenerako zozketan parte hartu; hau da, izen-ematea bi egunetarako egin daiteke, baina behin irabaz daiteke bakarrik.
Zozketan parte hartzeko baldintza bakarra 18 urte izatea da (irabazlearen NANa zelaian sartzeko orduan erakutsi beharko da). Izena emateko epea irekita dago jada udaletxeko web orrialdean, eta maiatzaren 21ean, igandean, 23:59an itxiko da.
Zozketak astelehenean egingo dira, maiatzaren 22an, 08:30ean, zenbakiak ausaz lortzea ahalbidetzen duen aplikazio informatiko baten bidez. Egun horretan, 25 irabazleetako NANak ezagutu ahalko dira web orrialdeko albiste batean eta sare sozialen bidez.
Saridunek maiatzaren 23an edo 24an (egokitu zaien egunaren arabera) 18:00etan Mendizorrotza zelaiko 1. atera joan beharko dute. Sarrera kontrolatuta egongo da, saridunak lagun batekin sartu ahalko dira, eta NANaren bidez ziurtatuko dute sarbidea.