IGOERAREN BILA
Alavesek gauean hasiko du Santander Ligara igotzeko azken lehia, Levanteren aurka
AGENCIAS | EITB MEDIA
Joan-etorriko kanporaketa izango da; lehenengo partida gaur gauean jokatuko da Mendizorrotzan, 21:00etan, eta bigarrena, datorren larunbatean, Valentzian.
Alavesek eta Levantek igande honetan ekingo diote Santander Ligara igotzeko finalari, 21:00etan, Mendizorrotzan. Bi taldeek maila gorenera itzuli nahi dute, SmartBank Ligan urtebete eman ondoren. Joan-etorriko kanporaketa jokatuko dute, igande honetan eta datorren larunbatean lehiatuko dira Santander Ligan geratzen den azken postua lortzeko, Granadak eta Las Palmasek igoera zuzenean eskuratuta.
Gasteizko futbol-zelaian jokatuko da lehen partida, joanekoa. Luis Garcia Plazaren taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du Orriolseko taldearen aurka, Levantek denboraldi honetako bi lehiak irabazi baititu (0-2 lehen itzulian, eta 2-0 bigarrenean).
Igoerako play-offetako finalerdietan, Alavesek berdinketa lortu zuen joaneko partidan, Eibarren aurka, Ipuruan (1-1), eta etxean ohiko sendotasunari heldu zion kanporaketa bere alde kokatzeko. Abdek lehen minutuan egindako golak bidea ireki zuen, eta Asier Villalibrek hartu zuen partida erabakita uzteko ardura, 2-0ekoa eginez, 88. minutuan.
Bitartean, Levante argi sartu da finalean, Albaceteren kontra joaneko partidan lortutako 1-3ko emaitzak lasai jokatzeko aukera eman zion itzuliko partidan, eta Valentzian 3-0 irabazi zuen, Roger Brugueri eta Roberto Soldadori esker (Bruguerrek bi gol sartu zituen).
Alavesen, Nikola Marasek eta Salva Sevillak lesio arrazoiengatik ezin dute jokatu eta Antonio Blanco erdilaria ez egoteak polemika sortu du, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatu behar duelako, Europako txapelketara sailkatzeko geratzen diren partidetan. Levanteren aldetik, Rober Ibañez, Albaceteren kontrako kanporaketan jokatu ez zuenak, Gasteizko neurketan aritzeko prest egongo da, Ruben Vezo eta Dani Cardenasekin batera. Jose Campaña eta Pablo Martinez izango dira baja bakarrak.
Bitxia bada ere, bi taldeetako teknikariek iragana dute igande honetako aurkarietan: Luis Garcia Plazak Levante zuzendu zuen 2008 eta 2011 artean, klubaren mendeurrenaren urtean Lehen Mailara igotzea lortu zuen garaian, eta Javi Calleja Alavesen aulkian eseri zen 2021eko apirilean eta mailari eustea lortu zuen, nahiz eta hurrengo denboraldian kargutik kendu zuten.