BERRITZEA
Alex Balboak Alavesen jarraituko du 2026ra arte
EITB MEDIA
Harrobiko jokalari gasteiztarrak taldearen armarria defendatzen segiko du datozen hiru denboraldietan.
Alex Balboaren (Gasteiz, 2001) kontratua 2026ra arte berritzea erabaki duela iragarri du Alavesek asteazken honetan.
Beraz, 22 urte baino ez dituen harrobiko jokalari zuri-urdinak Arabako taldeko kide izaten jarraituko du, klubak beste hiru denboraldietarako kontratua berritzeko klausula erabili ostean. Ekuatore Gineako selekzioarekin internazionala da Balboa.
Erdilari gazteak txikitatik darama Alavesen taldeetan lanean. Denboraldi honetan, hamaika partida jokatu ditu Luis Garcia Plazaren aginduetara; horietako bat, titular gisa. 167 minutu jokatu ditu Bigarren Mailan.