EA SPORTS LIGA
Alavesek galdu egin du Rayoren aurka, partida lehiatu bat jokatuta (2-0)
I. G. | EITB Media
Oso lehia parekatua izan da, baina lehen zatian egindako zorigaiztoko penalti batean Isi Palazonek lehen gola sartu du bere taldearentzat. De Frutosek erabakita utzi du partida bigarren zatian.
Alavesek 2-0 galdu du ostiral honetan Rayo Vallecanoren aurka Vallecasen jokatu duen EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko lehen partidan. Oso lehia parekatua izan da, baina lehen zatian egindako zorigaiztoko penalti batean Isi Palazonek lehen gola sartu du bere taldearentzat. De Frutosek erabakita utzi du partida bigarren zatian.
Rayo Vallecano - Alaves partidako laburpena
Partidako lehen minutuak oso parekatuak izan dira, nahiz eta Rayok erasoari begira ekimen gehixeago erakutsi duen. Izan ere, partidako lehen abaguneak etxekoenak izan dira, bata erdiraketa baten ondoren, non errematea kanpora joan den gutxigatik, eta bestea Isiren urruneko jaurtiketa batean, Sivera hura gelditzera behartuz.
Alavesi kosta egiten zitzaion erasoko jokaldiak sortzea, eta Rayok jarraitu du nagusi izaten eta aurkariaren areara gehiago hurbiltzen.
Talde gasteiztarraren lehen abagunea Aridanek eragindako falta batean iritsi da, areatik oso gertu. Luis Riojak jaurti du, baina bere jaurtiketak hesiarekin egin du topo.
Guridi urruneko jaurtiketa batekin saiatu da Alavesen jokaldi on baten ostean, baina jaurtiketa ahul atera zaio eta kanpora joan da.
Lehen zatia bukatzeko bost minuturen faltan, Solak zalantzazko falta egin dio Alvaro Garciari, eta epaileak penaltia zela erabaki du. Isik ez du kale egin 11 metroetatik eta Rayo aurretik jarri du (1-0).
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da, berdintasunarekin zelaian, baina etxekoek txinparta gehixeago zutelarik. Siverak berriro jardun behar izan du baloi bat oinarekin ateratzeko, erreflexu handiak erakutsiz.
Rayok markagailuko aldea handitu nahi izan du, eta Alaves emaitza berdintzen saiatu da, inolako arrakastarik gabe. Bi taldeetako batek ere ez du aukera argirik izan, neurri batean Vallecasen izan duten denborale txarraren ondorioz, eta nekea gero eta nabarmenagoa izan da.
Babazorroen kalterako, De Frutosek 2-0ekoa sartu du 82. minutuan. Rayoren erasoko ezker hegaleko jokaldi azkar batek baloia erdilariaren oinetan jarri du, hark sarera bultzatzeko.
Raul de Tomasek hirugarrena egiteko aukera izan du, baina Siverak geldiketa bikoitza egin du ekiditeko.
Azkenean, Alavesek porrota jaso du eta punturik gabe itzuliko da Vallecasetik.
Fitxa teknikoa
2 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Lejeune, Aridane, Pacha Espino; Kike Pérez (Pathe Ciss, 65. min), Valentin; Isi (De Frutos, 77. min), Unai Lopez (Trejo, 87. min), Alvaro (Bebe, 88. min); eta Camello (De Tomas, 77. min).
0 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Aqbar, Rafa Marin, Duarte (Javi Lopez, 68. min); Guevara, Antonio Blanco; Rioja (Karrikaburu, 83. min), Guridi (Hagi, 64. min), Alex Sola (Rebbach, 64. min); eta Kike Garcia (Samu, 68. min).
Golak: 1-0: 42. min Isi, penaltiz; 2-0: 81. min Jorge De Frutos.
Epailea: Víctor Garcia Verdura. Txartel horia atera die Aridane, De Tomas, Duarte, Alex Sola eta Hagi jokalariei eta Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileari.