Itxi

EA Sports Liga

Alavesek berdindu egin du Vila-realen aurka (1-1)

A. B. E: | EITB Media

Leer en Castellano

Arabako taldeak 1-1 berdindu du Zeramikaren zelaian jokatutako EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Omorodionek sartu du Alavesen gola, eta Gerard Morenok Vila-realena.

Omorodion eta Rioja (ALaves), Mandiri (Vila-real) baloia kendu nahian. Argazkia: EFE

Alavesek berdindu egin du Vila-realen aurka (1-1), igande honetan, urriaren 22an, Zeramikaren zelaian jokatutako EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Emaitza horrekin, bi taldeak bederatzina punturekin daude sailkapenean, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.

Lehen 20 minutuetan, bi taldeetako batek ere ez du izan gola sartzeko aukera argirik. Neurketako 20. minutua gaindituta, ordea, Alavesek abagune onak izan ditu. Hala, 21. minutuan, Samu Omorodion area barruan sartu da, jaurtiketa egin du eta Jorgensen atezainak saihestu du Arabako taldearen gola. Sei minutu geroago, Omorodionek gola sartu du Alavesentzat, baina epaileak baliogabetu egin du, Melillako aurrelariak falta egin diolako Jorge Cuencari.

Vila-real atzean sartuta eduki du Alavesek lehen zati osoan, eta, 41. minutuan, gola sartzeko beste aukera argi bat izan du; Luis Riojak penalti puntutik baino atzeragotik egindako jaurtiketa, ordea, Jorgensenek desbideratu du, hankarekin.

Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Erritmo bizia izan du, baita askoz abagune gehiago ere. 47. minutuan, Vila-realek lehen gol aukera argia izan du, Sorlothen jaurtiketa baten bidez, baina kanpora joan da. Ia jarraian, bi minutu geroago, Alavesek gola egin du; Samu Omorodionek 0-1ekoa egin du, Guridiren pasea jaso eta atezainarekin izandako buruz burukoan Jorgensen gaindituta.

Neurketako estreinako golaren ostean, etxeko taldearen erreakzioa etorri da. Comesañak gola sartu du, baina Gorosabeli falta egin dioenez, epaileak baliogabetu egin du. Hala ere, 64. minutuan, arbitroak penaltia adierazi du Vila-realen alde, VAR sistema kontsultatuta, Sedlarrek eskuarekin jo baitu baloia area barruan. Gerard Morenok jarri du banakoa markagailuan (1-1), penaltiz Sivera atezaina gaindituta.

Azken txanpan, abagune argiak izan ditu Alavesek, baina Arabako taldeko jokalariek Jorgensenekin egin dute topo. Vila-realeko atezainak Omorodionen errematea desbideratu du 75. minutuan; eta, 84.ean, Gorosabelen gola eragotzi du, haren jaurtiketari erantzun bikaina emanda.

Luzapenean, etxeko taldeak erasora jo du, Alaves ondo ibili da defentsako lanean, eta neurketa 1-1eko emaitzarekin amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Jorgensen; Kiko Femenia (Ilias, 73. min), Mandi (Altimira, 53. min), Albiol, Cuenca, Pedraza (Moreno, 53. min); Santi Comesaña (Terrats, 73. min), Capoue, Parejo (Ben Beretron, 86. min), Gerard Moreno eta Sorloth.

1 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Rafael Marin, 92. min), Abqar, Sedlar, Ruben Duarte; Guevara (Alkain, 92. min), Blanco, Guridi, Alex Sola (Tenaglia, 74. min), Samu Omorodion (Kike Garcia, 88. min) eta Luis Rioja (Rebbach, 92. min).

Golak: 0-1, 49. min: Samu Omorodion. 1-1, 65. min: Gerard Moreno, penaltiz.

Arbitroa: Gil Manzano. Txartel horia atera die Pedraza, Kiko Femenia, Sorloth eta Comesaña Vila-realeko jokalariei, baita Guevara, Sivera eta Abqar Alaveseko jokalariei ere.