Itxi

13. jardunaldia

Alavesek bizirik utzi du Bartzelona lehen zatian, eta ez du punturik batu azkenean (2-1)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Samu Omorodionek 0-1ekoa egin du, 18. segundoan; Alavesek Lehen Mailan sartutako golik goiztiarrena izan da. Lewandowskik egin ditu Bartzelonaren bi golak, bigarren zatian, bigarrena penaltiz.

Samuk partida oso ona egin du, eta Alavesen gola sartu. Argazkia: EFE.

Alavesek 2-1 galdu du Bartzelonaren aurka, igande arratsaldean, Lluis Companys Estadio Olinpikoan, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako hamahirugarren jardunaldian. Samu Omorodionek egin du Alavesen gola, lehen zatiko 18. segundoan, Alavesek Lehen Mailan egindako golik goiztiarrena sartuta, baina Robert Lewandowskik Bartzelonaren bi golak lortu ditu, , 53. minutuan eta 78.ean, bigarrena penaltiz, eta markagailua irauli du horrela.

Bartzelona-Alaves partidako laburpena (2-1)

Sadlerrek (lesionatuta dago) taldekideen babesa jaso du norgehiagoka hasi aurretik, eta Luis Garcia Plazak Rafa Marin zelairatu du haren ordez. Duarte ere sartu da hasierako hamaikakoan, eta Samu Omorodion atera dute erasoan. Bartzelonan, Xavi Hernandez entrenatzaileak sei jokalari berri jarri ditu hasierako hamaikakoan, Txapeldunen Ligan jarritako azken hamaikakoarekin alderatuta.

Berdegunean ezin hobeto kokatuta, atzealdean ordena handia zuela eta aurrealdean sendo eta azkar, Alavesek lehenengo zati bikaina egin du Lluis Companys Estadio Olinpikoan. Gasteizko taldeak 18 segundo besterik ez du behar izan aurrea hartzeko; Samuk egin du gola, kontraeraso eder bat aprobetxatuta (Javi Lopezek eman du azken pasea). Zaila izango da aurtengo EA Sports Ligan Melillako aurrelariak lortutakoa baino gol goiztiarragoa izatea; Alavesek berak sare sozialen bidez esan duenez, Lehen Mailan klubaren historian egindako azkarrena da.

Atsedenaldian markagailua 0-1ekoa zen, baina, hain zuzen ere, hori izan da albisterik onena Bartzelonarentzat, zelaian ikusitakoa ikusita. Samuk berak beste gol aukera oso argi batzuk izan ditu gol gehiago sartzeko. 8. eta 31. minutuetan, bere abiadurari eta indarrari esker, Ter Stegenen aurrean gelditu da, buruz buru: lehen jokaldian, Samuren errematea oso gutxigatik irten da desbideratuta, eta bigarrenean, aldiz, baloiak langa jo du.

Bartzelonari dagokionez, Lewandowskik izan du abagunerik onena 1-1ekoa sartzeko, 16. minutuan, baina Siverak geldiketa ederra egin dio aurrelari poloniarrari. Datu oso esanguratsu batek azaltzen du berdegunean norgehiagokaren lehenengo zatian zer gertatu den: Luis Garcia Plazaren gizonak 0-1 aurretik joan dira aldageletara, eta falta bakarra egin dute aurreneko 45 minutuetan. Gutxitan gertatu da hori, Bartzelona etxeko talde gisa jokatu duenean.

Beti esan ohi da barkatzen duenak azkenean larrutik ordaintzen duela, eta egia da hori gehiagotan ere betetzen dela aurrean Bartzelonaren mailako talde bat dagoenean. Bigarren zatia bestelakoa izan da, eta Kataluniako taldeak argiago menderatu du zelai erdia eta hobeto jokatu du, Alavesen ateraino gehiagotan iritsita gainera; hala ere, Gasteizko taldeko futbolarien lana oso ona izan da atsedenaldiaren ostean ere, eta amaierara arte izan dute gutxienez puntu bat urratzeko aukera.

Baliteke neurketako gakoa 53. minutuan jazotako jokaldi bat izatea. Jules Koundek erdiraketa polita egin du eskuinetik, eta Lewandowskik, penalti puntutik, buruz errematatu du sareetara, baloia Siveraren eskuinetara bidalita. Gol ikusgarria sartu du Bartzelonako jokalariak, maila handiko aurrelaria dela erakutsita.

Golak konfiantza eman dio Bartzelonari. Ondorengo minutuetan, etxekoek presio gogorra egin dute, eta estutu egin dute Alaves. Euskal taldeak, baina, berehala eman du beste behin aurrerapausoa, eta, 90. minutua betetzeko ordu laurden bat gelditzen zela, sendo jarraitzen zuen berdegunean eta 1-1ekoari eusten ari zitzaion.

Ferran Torres azkar eta trebe ibili da, 76. minutuan, area barruan pase sakon bat jasotzeko, Abdel Abqarrek baino lehenago, eta atzelari marokoarrak penalti egin du. Lewandowskik hartu du bere gain penaltia jaurtitzeko ardura, eta 2-1ekoa jarri du markagailuan.

Amaierara arte, Alaves erasoan ibili da, berdinketaren bila, eta Kike Garciak eta Tenagliak gertu izan dute 2-2koa. Partidako azken jokaldian, Gasteizko taldeak aldeko falta bat izan du, baloia area barruan jarri ahal izateko, eta Sivera ere igo da errematera; bigarren gola, baina, ez da iritsi, eta Alavesek, horrenbestez, hamabi puntu dituela jarraitzen du, behin-behineko sailkapeneko hamabosgarren postuan.

Fitxa teknikoa

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Kounde (Balde, 70. min), Iñigo Martinez, Cancelo; Gundogan, Fermin (Raphinha, 63. min), Pedri (Romeu, 81. min); Lamine Yamal, Lewandowski eta Joao Felix (Ferran, 70. min).

1 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 85. min), Abqar, Marin, Duarte, Javi Lopez; Guevara, Guridi (Ianis Hagi, 79. min), Blanco (Mendes, 85. min); Luis Rioja (Rebbach, 63. min) eta Samu Omorodion (Kike Garcia, 79. min).

Golak: 0-1, 1. min: Samu Omorodion. 1-1, 53. min: Lewandowski. 2-1, 78. min: Lewandowski, penaltiz.

Epailea: Busquets Ferrer (Balearretako Batzordea). Txartel horia atera die Lewandowskiri (62. min), Duarteri (75. min) eta Gundogani (92. min).

Gertakizunak: EA Sports Ligako 13. jardunaldiko partida Lluis Companys Estadio Olinpikoan. 38.183 zale bildu dira.

Albisteak (3)