Berritzea
Abde Rebbachek Alavesen jarraituko du 2028ra arte
EITB MEDIA
Jokalari argeliarra 2020an iritsi zen taldera, eta asteazken honetan iragarritako akordioaren arabera, 2028. urtera arte jarraituko du klub babazorroan.
Alavesek eta Abde Rebbach jokalariak adostutako akordioaren arabera, aurrelari argeliarrak Gasteizen jarraituko du 2028ko ekainera arte.
Abderrahman Rebbach (Blida, 1998) 2020an heldu zen Alavesera, Aurrera de Vitoria eta San Ignacio taldeetan jokatu ostean. Gasteizko oinarrizko futbol mailetan hezi zen Rebbach, eta Ibaiako harrobian berehala nabarmendu zen. Babazorroen filialean egindako lanari esker (19 gol 20-21 eta 21-22 denboraldietan), lehen taldean hasi zen lanean.
Iragan sasoian, Abdek 19 partida ofizial jokatu zituen, hiru gol sartuta. Besteak beste, Eibarren kontrako playoffetako finalaurrekoan sartu zuena erabakigarria izan zen, lehen mailarako igoera burutzeko.
Aurten, dagoeneko 19 norgehiagokatan hartu du parte, eta Errege Kopan zein Ligan golak sartzea zer den badaki.