LaLiga EA Sports
Alavesek eta Betisek hutsean amaitu dute Benito Villamarinen jokatutako partida (0-0)
EITB MEDIA
Bi taldeek izan dituzte neurketa irabazteko aukerak, erritmo bizia izan duen norgehiagokan. Jokatutako azken zazpi partidetatik bakarra galdu dute arabarrek.
Alavesek eta Betisek puntuak banatu dituzte Benito Villamarin zelaian LaLiga EA Sportseko 25. jardunaldian jokatutako partidan. Arabarrek partida txukuna egin dute eta arriskua sortu dute Rui Silvaren ate inguruan, baina andaluziarrek ere neurketa irabazteko aukerak izan dituzte.
Luis Garcia Plazaren taldea erasora atera da, ausart, eta 2. minutuan Samu Omorodionek baloia andaluziarren atean sartu du, baina epaileak jokaldia baliorik gabe utzi du jokoz kanpoko posizioa adierazita.
Minutuek aurrera egin ahala, Betis hobeto kokatu da zelaian eta arabarren nagusitasuna desagertzen joan da. 14. minutuan, Abdek buruz egindako errematea Siveraren atetik gora joan da. Sevillarren lehen abisua izan da.
24. minutuan, Samu berriro protagonista izan da. Alavesen aurrelariak arazo ugari sortu dizkie andaluziarren atzelariei. Guridik pase ederra eman dio eta Omorodion bakar-bakarrik geratu da Rui Silvaren aurran, baina ez du baloia ondo errematatzeko aukerarik izan.
Lehen zati osoan ez da aukera gehiagorik izan.
Atsedenaldiaren ostean, Alavesek susto ederra hartu du, Miranda bigarren zutoinean eragozpenik gabe egindako errematearen ondorioz. Siverak gola saihestu du jaurtiketari erantzun ikusgarria emanda.
57. minutuan, Betiseko jokalariek penaltia eskatu dute Aqbarrek Fekirri emandako bultzakadagatik, baina epailea oso gertu egon da eta aurrera jarraitzeko agindua eman du.
Bi taldeak garaipenaren gola bilatu dute etengabe, eta horretarako aukera oso argia izan du Rodrik, baina Gorosabel zuhur aritu da baloia alderatzeko. Rodri errematea egiteko bakar-bakarrik egon denean.
Norgehiagokako azken bi gol aukera argiak etxeko taldeak izan ditu: Bakambuk jaurtiketa gurutzatua egin du eta Siverak baloia laztantzea lortu du, epaileak ondoren ateko sake adierazi duen arren. Benavidezek ere gola usaindu du, baina bere jaurtiketa Siverak ukitu eta gora bidali du. Arabarren atezainak neurketa bikaina egin du.
Fitxa teknikoa
0 - Betis: Rui Silva; Bellerín, Pezzella, Sokratis, Miranda; Johnny Cardoso, Marc Roca (Bakambu, 66. min); Fornals, Fekir, Abde (Rodri, 75. min); Chimy Avila (Willian Jose, 75. min).
0 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Abqar, Rafa Marin, Duarte; Guevara, Antonio Blanco; Alex Sola (Javi López, 89. min), Guridi (Benavidez, 80. min), Luis Rioja (Carlos Vicente, m.67); Samu Omorodion (Kike Garcia, 89. min).
Epailea: Busquets Ferrer (Balear irletako batzordekoa). Txartel horia atera die Betiseko Abde (31. min), Marc Roca (46. min), Sokratis (71. min), Pezzella (79. min) eta Miranda (82. min) jokalariei, eta Alaveseko Rafa Marin (37. min) eta Abqar (72. min) jokalariei.