Itxi

35. jardunaldia

Jon Guridik bi gol egin ditu, bigarrena 99. minutuan, eta Alavesek puntu bat lortu du Gironaren aurka (2-2)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azpeitiarrak Gasteizko taldearen bi golak sartu ditu, talde handi baten aurka. 2-2ko gola luzapenean egin du Guridik, eta Mendizorrotzan giro bikaina izan da.

Jon Guridik, 2-2koa sartuta; Alavesek puntu bikaina lortu du. Argazkia: EFE.

Alavesek 2-2 berdindu du Gironarekin, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 35. jardunaldian, ostiralean, Mendizorrotzan. Jon Guridik sartu ditu Gasteizko taldearen bi golak, bigarrena 99. minutuan, eta Eric Garciak egin du 0-1ekoa eta Yangel Herrerak 1-2koa, bisitarien aldetik. Hala, Alavesek 42 puntu ditu, dagoeneko, eta, behin-behinean, sailkapeneko hamaikagarren postuari eutsi dio.

Alaves-Girona partidako laburpena (2-2)


Lehen zatian, joko bizia izan da, erritmo handikoa. Mendizorrotzan bildutako zaleek joan-etorriko partida ikusi ahal izan dute, bi taldeek abiadura bilatu baitute. Gironak eman du aurreneko kolpea, laugarren minutuan, korner batean Eric Garciak buruz ondo errematatuta Owonoren ezkerretara, eta 0-1ekoa sartu du horrela. Alavesek, baina, segituan erantzun du; hamabigarren minutuan, Giulianok ezin hobeto egin du aurrera ezkerreko hegaletik, arean sartu da, erdiraketa egin, eta Guridik, atzetik helduta, banakoa egin du. Azpeitiarrak abisatu egin du, aurreko beste jokaldi batean, ondo dakiela bigarren lerrotik sartzen, eta beste behin erakutsi du orduan.

Ia atsedenaldira bitartean, Alavesek eta Gironak ahalegin polita egin dute berdinketa desegiteko. Michelen taldeak gauzatu du helburua, 44. minutuan, Yangel Herreraren bidez; venezuelarrak angelura jaurti du, Kataluniako taldeak erasoko joaldi ederra eginda. Hortaz, atsedenaldian, 1-2.

Bigarren zatian, lehen minutuetan, Girona izan da nagusi. Dobvykek, Savinhok eta Ivan Martinek gertu izan dute 1-3koa, baina Jesus Owono nabarmendu da orduan; izan ere, Alaveseko atezainak azpimarratzeko moduko geldiketak egin ditu, eta aukera eman die Luis Garcia Plazaren gizonei berriro ere aurkariaren arearen bila joateko.

Luzapenean jaso du saria Gasteizko taldeak. Partidako azken minutuetan, tentsio puntua izan da berdegunean, eta horrek, nolabait, hegoak eman dizkio Alavesi indartsuago egiteko aurrera. Guridik eman dio berdinketa talde babazorroari, area barruan burua bikain sartuta, 2-2koa egiteko, 99. minutuan.

Fitxa teknikoa

2 - Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Marin, Javi Lopez (Duarte, 80. min); Benavidez (Hagi, 63. min), Guevara, Guridi; Giuliano (Sola, 73. min), Carlos Vicente (Luis Rioja, 63. min) eta Kike (Panichelli, 73. min).

2 - Girona: Gazzaniga; Arnau, Eric Garcia, Blind; Ivan Martin (Aleix Garcia, 73. min), Yangel Herrera, Portu (Couto, 59. min), Miguel (Juanpe, 73. min); Tsygankov, Savinho (Valery, 84. min) eta Dovbyk.

Golak: 0-1: 4. min, Eric Garcia. 1-1: 12. min, Guridi. 1-2: 44. min, Herrera. 2-2: 99. min: Guridi.

Epailea: Munuera Montero (Andaluziako Batzordea). Alaveseko Owono, Luis Rioja eta Marin eta Gironako Arnau eta Herrera zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 17.906 zale bildu dira Mendizorrotzan.

Albisteak (3)