Itxi

Zigorra

Metropolitano hiru partidarako partzialki ixtea agindu dute; Atletico Madril-Alaves partidari eragin liezaioke

EITB MEDIA

Leer en Castellano

14. jardunaldian jokatuko duten Atletico Madri-Alaves neurketa zigorra indarrean egongo litzatekeen hirugarren eta azken partida izango litzateke. Madrilgo klubak helegitea aurkeztu ahal du Apelazio Batzordean, eta Kirol Arbitrajeko Auzitegira ere jo lezake.

Busquets Ferrer epaileak Atletico Madril-Real Madril partida gelditu behar izan zuen (EFE).

Espainako Futbol Federazioaren Diziplina Batzordeak Atletico Madril zigortu du, eta agindu du Metropolitano futbol zelaia hiru partidarako partzialki ixtea, igandean jokatutako Atletico Madril-Real Madril norgehiagokan izandako istiluengatik. Itxierak 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 14. jardunaldian jokatuko duten Atletico Madril-Alaves partidari eragin liezaioke (azaroaren 23an edo 24an izango da neurketa hori); izan ere, zigorra indarrean egongo litzatekeen hirugarren eta azken partidan bisitatuko luke Gasteizko taldeak Madrilgo estadioa. Nolanahi ere, Madrilgo klubak helegitea aurkeztu ahal du Apelazio Batzordean, eta Kirol Arbitrajeko Auzitegira ere jo lezake.

Thibaut Courtois Real Madrilen atezainari hainbat objektu bota zizkioten Metropolitanoko harmailako gune batetik, eta horixe da, hain zuzen ere, itxiko duten gunea, Espainiako Federazioak iragarri duenez; Batzordeak, halaber, 45.000 euroko isuna ezarri dio Atletico Madrili, "arau-hauste oso larriengatik".

"Klubeko zale guztiak kontuan izanik, objektuak jaurti zituzten zaleen kopurua ez da batere esanguratsua; hala ere, Atletico Madrilek ez zuen neurri egokirik hartu, ez ekintzan ezta bukatutakoan ere, edo, gutxienez, erabakitako neurriak ez ziren onenak izan, lehia handia duen partida batean, eta munduko ligarik garrantzitsuenetako Lehen Mailako neurketa batean", dio Batzordeak, ebazpenean.

2023-24 denboraldian, Atletico Madrilek lortu zuen Metropolitano partzialki ez ixtea, Apelazio Batzordeari helegiteak jarrita; hasiera batean, zigorra jaso zuen, Athleticeko Nico Williams jokalariari oihu arrazista bat bota ziotelako.

Bideoak (1)