Itxi

EA Sports Liga

Bartzelonak mendean hartu du Alaves, Lewandowskiren hat-trick batekin (0-3)

L.U. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Poloniarra arduratu da hiru golak sartzeaz lehen zatian izan dituen lehen hiru abaguneetan. Alavesek erreakzioa bilatu du, eta 1-3koa egin du, baina VARak baliorik gabe utzi ditu Toni Martinezen eta Mouriñoren golak.

Lewandowskik Alavesen sareetara bidali du baloia Argazkia: EFE

Alavesek 0-3 galdu du Bartzelonaren aurka, igande honetan, urriak 6, Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida.

Robert Lewandoswki Kataluniako aurrelaria izan da nagusi igande honetan Gasteizen, lehen zatian hiru gol sartuta. Alavesek ez du amore eman, bi gol baliogabetu dizkiote jokoz kanpo egoteagatik eta zutoinak beste bat eragotzi du, baina onena Antonio Sivera izan da, eta etxekoen porrota are handiagoa izatea saihestu du.

Neurketaren lehen minutuetan, Barça izan da nagusi, eta Alavesek ez du presio aurreratua egin, nahiago izan baitu bere zelaian aurre egitea. Partidako 3. minutuan iritsi da bisitarien lehen gola, Raphinak sartutakoa, baina baliorik gabe geratu da, jokoz kanpo zegoelako.

Lehen gola baliogatuta geratu ondoren, handik gutxira iritsi da balekoa. Raphingak falta bat jaurti du albotik, eta Lewandowskik burukada bikaina emanda gainditu du Sivera, 0-1ekoa egiteko.

Bisitarien liderrak aldea handitu du 21. minutuan. Pedrik lapurtu du bere arean, Raphingari eman dio baloia, hegaletik atera da, eta ia nahi bezala hasi du lasterketa aurkariaren arearaino. Denborak bikain neurtu ditu, eta bigarrena oparitu dio Lewandowskiri. Poloniarrak sareetara bultzatu besterik ez du egin behar izan (0-2) .

Ordu erdian iritsi da Lewandowskiren hat-tricka. Eric Garciak pasea eman dio poloniarrari desmarkatzeko, eta jaurtiketa gurutzatu estu bat atera du Sivera berriro gainditzeko, hat-tricka lortuta (0-3).

Lehen zatiko luzapenean, Toni Martinezen golak aldea murriztu du, baina VARetik jokoz kanpo zegoela adierazi eta gero, ez da markagailura igo.

Aldageletatik igaro ondoren, Luis Garcia Plazak bere defentsa birmoldatu du, eta izan duen lehen kornerrean, Toni Martinezek Iñaki Peñaren zutoinera bidali du baloia. 85. minutuan, berriz, Joan Jordanek jaurtitako falta baten ondoren Mouriñok buruz sartutako gola baliogabetu egin dute, aurreratuta zegoelako.

Alaves saiatu da, eta Barçak neurketaren intentsitatea jaitsi du, partida gehiago kontrolatuta eta joko zuzen gutxiago eginda, baina aukerak iritsi dira. Antonio Sivera berriro agertu da Lewandowskiren laugarrena saihesteko, eta Ansu Fatik zutoinera jaurti du baloia.

Babazorroak historiaren aurka borrokatu dira partida honetan, Bartzelonak 2001etik ez baitu galdu Mendizorrotzan, baina etxekoek ez dute garaipena lortzerik izan.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Sivera; Tenaglia (Diarra, 46. min), Mouriño, Abqar (Pica, 67. min), Manu Sanchez; Guevara, Blanco (Jordan, 78. min); Carlos Vicente, Stoichkov (Conechny, 57. min), Abde; eta Toni Martinez (Kike, 57. min).

3 - Bartzelona: Iñaki Peña; Fort (Kounde, 67. min), Cubarsi, Martinez, Balde; Casado, Pedri, Raphina; Ferran Torres (Eric Garcia, 6. min), Yamal (Fati, 67. min) eta Lewandowski.

Golak: 0-1, 7. min: Lewandowski. 0-2, 22. min: Lewandowski. 0-3, 32. min: Lewandowski.

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horia atera die Alaveseko Tengalia (31. min) eta Mouriño (54. min) jokalariei, eta Bartzelonako Iñigo Martinezi (54. min).