Itxi

EA Sports Liga

Valladolidek kolpe handia eman dio Alavesi Mendizorrotzan (2-3)

G. P. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Alaves ondo hasi da eta berehala sartu du lehen gola, baina Valladolidek bi penaltiren bidez markagailua iraultzea lortu du. Neurketa berdinduta zegoenean, VAReko epaileak baliorik gabe utzi du Guridiren gola, eta partida amaitzear zela, epaileak kanporatu egin du Kike Garcia.

Toni Martinez, Alaveseko jokalria. Argazkia: EFE

Alavesek 2-3 galdu du Valladoliden aurka gaur gauean Mendizorrotzan jokatu duen partida, eta, ondorioz, segidako laugarren porrota jasan du EA Sports Ligan. Mailari eusteko borrokan, hil ala biziko partida izango zela aurreikusten zen, eta hala izan da. Luis Garcia Plazaren taldea ondo hasi da, baina Valladolidek markagailua irauli du bi penaltiri esker, eta hortik aurrera partidatik atera dira jokalari babazorroak.

Partida ezin hobeto hasi du Alavesek, eta bosgarren minuturako aurrea hartu du markagailuan. Toni Martinezek sartu du gola, area kanpotik jaurtiketa bikaina eginda. Mario Martinek huts egin du baloia atzetik ateratzeko ahaleginean, eta aurrelari babazorroak ez du barkatu. Baloia berehala lapurtu dio eta zartako eder batekin sarera bidali du.

Gol horren ondotik, patxadaz eta nagusitasunez jokatu dute Luis Garcia Plazaren mutilek, arerioari presioa goian eginda eta baloia zelai erdian ondo mugituta. Alabaina, 16. minutuan partida berdintzea lortu du Valladolidek, bere lehendabiziko erasoaldian. Siverak Aunarri area barruan falta garbia egin dio, eta Sylla Alaveseko jokalari ohiak sartu du gola, penaltiz.  

Akats horrek min egin dio Alavesi, eta hurrengo minutuetan asko kostatu zaio hasierako jokoa egitea eta neurketa kontrolatzea. Bigarrena lehenbailehen sartu nahian, arrisku gehiago hartu dute etxekoek, eta hainbat hutsegite egin dituzte. Hori horrela, lehen zatian Siveraren area inguruan amaitu du Paulo Pezzolanoren taldeak.

Bigarren zatia ere bizitasunez hasi da, eta Guridik laster sartu du bigarren gola, baina VAReko epaileak baliorik gabe utzi du, Carlos Vicente jokoz kanpo egon delako pasea ematerakoan, oso gutxigatik izan bada ere.

Alavesek presaka jokatu du, partida behar bezala kontrolatu gabe, eta Valladolidek egoera hori baliatu du markagailua iraultzeko. Javi Sanchezen burukadak Guridiren besoa jo du, eta Melero Lopez epaileak penaltia adierazi du, VAReko epaileak ohartarazita, jokaldia monitorean berriro ikusita. Amallahk egin du 1-2koa, Sivera ondo engainatuz eta baloia erdi-erditik botata.

Jokaldi horrek neurketa erabat nahasi du. Etxekoak saiatu dira, baina ez dute asmatu, eta laster heldu da Valladoliden hirugarrena. Anuarrek sartu du kontraerasoan egindako jokaldi azkar batean.

Kike Garcia egin du Alavesentzat bigarrena, boleaz, 96. minutuan, eta, gutxienez, berdinketa lortzeko itxaropena piztu da harmailetan, baina miraria ez da gertatu. Alderantziz, partidaren azken txapan tentsio handia izan da bi taldeetako jokalarien artean, eta epaileak Kike Garcia bera kanporatu du, bata bestearen atzetik bi txartel hori aterata, falta bat egiteagatik eta epaileari protesta egiteagatik.  

Horrenbestez, eta bukaeran irudi txarra emanda, segidako laugarren porrota jaso du Alavesek Ligan. Kolpe handia, mailari eusteko borrokan, arerio zuzena baita Valladolid.

FITXA TEKNIKOA

2. - Alaves: Antonio Sivera; Tenaglia, Abqar, Moussa Diarra, Manu Sánchez; Antonio Blanco, Guevara, Gudiri, Carlos Vicente, Conechny; Toni Martinez.

3. - Valladolid: Heinm; Perez, Torres, Javi Sanchez, Chasco; Cömert, Mario Martin, Moro, Anuar; Amallah eta Sylla.

Golak: 1-0, 6. Min: Martinez. 1-1, 17. Min.: Syllak, penaltiz. 1-2, 72. Min.: Amallahkek, penaltiz. 1-3, 76. Min: Anuar. 2-3, 96. Min.: Kike Garcia.

Epailea: Melero Lopez. Kike Garcia kanporatu du, bi txartel hori aterata, protestatzegatik. Horrez gain, Diarrari, Sanchezi, Tenagliari, Morori eta Latasari txartel hori bana atera die.