Erretiroa
Manu Garcia Alavesen kapitain ohiak futbol profesionala utziko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Denboraldi batez talderik gabe egon ostean hartu du erabakia, 38 urterekin. 308 partida jokatu zituen zuri-gorriekin, Alavesen historian gehien jokatu duen bigarren jokalaria, Martin Astudilloren atzetik (346).
Manu Garcia Alavesen kapitain ohiak futbola utziko duela iragarri du astearte honetan, goi-mailan pasatako 18 urteetan lortutakoarekin "asebeteta, eskertuta eta oso zoriontsu". Futbolari gasteiztarrak egindako ibilbideari begiratua eman dio interneten plazaratutako bideo batean, egondako taldeei, izandako kideei eta familiari eskerrak emateaz gain.
Alavesi aipamen berezia egin dio Garciak, urte gehien han pasa dituelako, eta arrakasta handienak ere Gasteizko taldean lortu dituelako. Arabako hiriburuko San Viator ikastetxeko taldean hasi zen jokatzen, baina segituan egin zuen bat Realeko harrobiarekin. Ondoren, Girona, Real Union, Eibar eta Logroñes taldeetan ibili ostean, Alavesen deia onartu zuen, Logroñesekin 16 gol sartuta, bolada aparta burutu eta gero.
2012ko udan itzuli zen Gasteizera, eta berehala klubaren historiako jokalari adierazgarrienetakoa bilakatu zen. Bigarren Mailarako igoera ez ezik, Lehen Mailara itzulera (2016an) ere bizi izan zuen. Horrez gain, taldeak Bartzelonaren aurka jokatutako Errege Koparen finalean oso aparteko garrantzia izan zuen.
Jokalari historikoa, Alavesen
308 norgehiagoka jokatu zituen elastiko zuri-urdinarekin. Horrenbestez, Alavesen historian neurketa gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da, Martin Astudilloren atzetik (346).
Kapitain esanguratsuenetako bat izan zen, eta Gasteizko kluba maila gorenean utzi zuen. Pandemiaren ondoren, omenaldia egin zioten Mendizorrotzan, babazorroen eta Mirandesen arteko partidan. Mirandesen bertan egin zuen azken zikloa futbolari gisa 2023an, Zipreko Aris de Limassoletik pasata.
2023ko maiatzaren 27an sartu zuen Manu Garciak azken gola profesional moduan, Albacete-Mirandes neurketan, hain zuen. Denboraldi bat egon da talderik gabe, eta erretiroa hartzea erabaki du orain, 38 urterekin.
Klub babazorroak mezu berezia argitaratu du sare sozialetan, Garciak egindako lana eskertuz.
Un capitán en albiazul
— Deportivo Alavés (@Alaves) November 12, 2024
Nueve años históricos
Eskerrik asko zure futbolagatik eta zorte on zure bizitza berrian!
©¿ @ManuGarcia19 #GoazenGlorioso ¿¿¿ pic.twitter.com/Arx3hSIIVp