Itxi

EA Sports Liga

Alavesek zapore gazi-gozoko puntua bereganatu du Mestallan (2-2)

G. P. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Babazorroak bi aldiz jarri dira aurretik markagailuan. Lehen gola partida hasi eta berehala egin dute, eta bigarrena, azken txanpan. Valentziak, berriz, 97. minutuan sartu du berdinketaren gola.

Joan Jorda eta Luis Rioja. Argazkia: EFE

Alavesen eta Valentziaren arteko partida bina amaitu da Mestallan. Garaipena eskura izan du Eduardo Coudeten taldeak, baina Valentziak ez du inoiz amore eman, eta berdinketaren gola 98. minutuan sartu du.

Babazorroek neurketa ona egin dute. Lehen gola partida hasi eta gutxira sartu dute, eta bigarrena, azken txanpan, penaltiz. Carlos Martin eta Joan Jordan izan dira golegileak.

Hala ere, Ruben Barajaren taldeak bi aldiz lortu du partida berdintzea, eta bigarren golak min handia egin dio Alavesi, luzapeneko azken minutuan iritsi baita, hiru puntuak poltsikoan zituenean.

Valentziarentzat hil edo biziko partida zen, azkena baita EA Sports Ligako sailkapenean. Gainera, maila instituzionalean inoiz baino okerrago dago, eta zaleak aspalditik daude klubeko agintarien kontra.

Edonola ere, Alavesentzat ere norgehiagoka garrantzitsua zen. "Chacho" Coudeten aroan, bi berdinketa lortu ditu, eta goraka egiteko garaipena behar zuten. Horrenbestez, neurketa bizi-bizi abiatu da.  

Babazorroak atzean sendo jarri dira, eta kontraerasoak azkar joz bilatu dute Dimitrievskiren ate inguruan arriskua sortzea. Hain justu ere, horrela iritsi da Alavesen lehen gola, 6. minutuan. Carlos Vicentek egin du erdiraketa, Kike Garciak orpoz jo du baloia, eta Carlos Martinek sarera bidali du. Jokaldi bikaina eta gol ederra, markagailuan aurretik jartzeko.   

Gol horrek haserrea piztu du harmailetan, eta ikusleak txistuka hasi dira, bere taldearen jokoarekin etsita.

Baloiaren jabetza Barajaren taldeak izan du, baina Siveraren atean arrisku nahikorik sortu gabe. Alaves ondo aritu da defentsan, eta hainbat minututan ez da gauza handirik gertatu. Alabaina, 36. minutuan, Gasteizko taldeak bigarrena sartzeko abagunea izan du. Stoichkovek area ertzetik egindako jaurtiketa bortitza geldiketa ikusgarri batekin aldaratu du Dimitirevskik.

Lehen zatian, Guridi lesionatu egin da, eta bigarrenaren hasieran, Sivera joan behar izan da aldagelara, eskuan min hartuta. Owono zelairatu da haren ordez, eta, nahi gabe, protagonista bilakatu da, penalti egin baitio Diego Lopezi.

Alberola Rojas epaileak jokaldia monitorean berrikusi behar izan du, eta minutu batzuk igaro dira penaltia adierazi aurretik. Luis Rioja Alaveseko jokalari ohiak hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez du hutsik egin. Gasteizko taldearen zaleei barkamena eskatu die gero, gola sartzeagatik.

Berdinketa lortuta, Valentziak aurrera jo du, emaitza irauli nahian, eta partida zoratu egin da. Joan-etorrian ibili dira bi taldeak, zelai erdian inor nagusitu gabe. Neurketako azken txanpan, baina, beste penalti bat izan da, oraingoan Alavesen aldekoa. Mosquerak Diarrari falta egin dio arean barruan, eta Joan Jordanek penaltia bikain jaurti du, 1-2koa jartzeko markagailuan.  

Epaileak 11 minutuz luzatu du partida, eta luzapenean heldu da Valentziaren bigarrena. Diego Lopezek egin du erdiraketa, eta Dani Gomezek sarera bidali du baloia, Alavesen garaipena zapuztuta. 

FITXA TEKNIKOA

2 – Valentzia: Dimitrievski; Foulquier, Mosquera, Yarek, Rioja; Fran Perez (Sergi Canos, 44. min), Guerra (Pepelu, 78. min), Barrenechea (Dani Gomez, 78. min), Diego Lopez; Andre Almeida eta Hugo Duro.

2 – Alaves: Sivera (Owono, 54. min); Pica (Sedlar, 80. min), Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco, Jordan; Carlos Vicente, Carlos Martin (Tomas Conechny, 81. min), Guridi (Stoichkov, 17. min, eta Guevara, 80. min); eta Kike Garcíi.

Golak: 0-1, 7. min: Carlos Martin. 1-1, 70. min: Rioja, penaltiz. 1-2, 88. min: Jordan, penaltiz. 2-2, 98. min: Dani Gomez.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera die Valentziako Mosquerari eta Pepeluri, eta Alaveseko Carlos Martini.

Albisteak (1)