EA Sports Liga
Alavesek jaitsiera postuetan jarraitzen du Getaferen aurka galdu ostean (0-1)
L.U. | EITB Media
Atsedenaldira iritsi aurretik Arambarrik penaltiz sartutako golak abantaila eman dio Bordalasen taldeari Mendizorrotzan. Alavesek ahalegin guztiak egin ditu, baina ezin izan du Soriaren atea zulatu.
Alavés vs Getafe Argazkia: EFE
Alavesek 0-1 galdu du Getaferen aurka igande honetan, otsailak 9, Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 23. jardunaldiko partida. Atsedenaldira iritsi aurretik Arambarrik penaltiz sartutako golak abantaila eman dio Bordalasen taldeari Mendizorrotzan. Alavesek ahalegin guztiak egin ditu, baina ezin izan du Soriaren atea zulatu.
Neurketaren hasieran, Alavesek izan du baloiaren jabetza, baina bi taldeetako batek ere ez du bere erritmoa inposatzea lortu. Minutuek aurrera egin ahala, Chacho Coudeten gizonak jokoaren nagusitasuna bereganatzen hasi dira, baina ezin izan dute nagusitasun hori aprobetxatu. Borroka handia zegoen baloia bereganatzeko eta zelaian nagusitzeko, baina joko gutxi.
Partidak ez zuen erritmorik hartzen, baina 21. minutuan iritsi da neurketako lehen abagunea Arabako taldearentzat. Carlos Vicentek azkar egin du jaurtiketa, area aurrean aldaratze bat jaso ostean, baina Getafeko atezainarekin egin du topo.
29. minutuan, Carlos Vicentek beste gol aukera argi bat izan du. Vicente Soria goitik gainditzen saiatu da, jaurtiketa loratu baten bidez, baina zutoinak salbatu du Getafe.
Hurrengo jokaldian, Antonio Siverak Aldereteren aukera zapuztu du, jaurtiketa urrun batekin atezaina ezustean harrapatzen saiatu baita.
Atsedenaldira joan aurretik, Diaz de Merak penalti puntua adierazi du, Abqarrek ukondokada bat emanda Alderete lurrean etzanda utzi ostean. Arambarrik ez du hutsik egin, eta baloia sare barrura bidali du (0-1).
Lehen zatia, David Soriak Toni Martinezi egindako penaltia eskatuz amaitu da. Epaileak, baina, ez du aintzat hartu.
Aldageletatik igaro ondoren, Alavesek aurkariaren atera begira jarraitu du Carlos Vicenterekin, eta korner batean beste aukera argi bat iritsi da. Nahuel Tenagliak ez du asmatu ate aurrean, zenbait aldaratzeren ondoren horra iritsi den baloia aukariaren sareetara bidaltzeko.
David Soria berriro agertu da berdinketa saihesteko bigarren zatiko lehen ordu laurdenean, arabarrek euren zelaian denbora gehiegi eman duten jokaldi baten ostean.
Babazorroek atzean sartu dute Getafe, baina ez du lekua galdu, eta eroso egon da Kike Garciaren inguruan jokalariak pilatzen. Horren aurrean, Eduardo Coudetek hiru aurrelari jarri ditu berdinketa bilatzeko. Jon Guridik izan du azken gol aukera, bigarren zutoinean buruz egindako erremate batekin. Hala ere, David Soria bere taldeak gehien behar zuenean agertu da berriro.
Mendizorrotzak penaltia eskatu du berriro azken txistua jo aurretik, alferrik. Partida amaitutakoan, 0-1ekoaren aurrean, zaleek Alaveseko zuzendaritzaren aurkako eta Luis Garcia Plazaren aldeko oihuak egin dituzte.
Fitxa teknikoa
0 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez (Villalibre, 76. min); Blanco, Guevara (Guridi, 63. min); Vicente, Carlos Martin (Cabanes, 63. min); Toni Martinez eta Kike Garcia.
1 - Getafe: Soria; Juan Iglesias, Duarte, Djene, Alderete, Diego Rico; Arambarri, Terrats, Uche (Mayoral, 46. min), Bernat (Keita, 78. min); eta Juanmi (Alvaro, 83. min) .
Golak: 0-1, 44. min: Arambarri, penaltiz.
Epailea: Isidro Diaz de Mera. Txartel horia atera die Abqar (42. min) Alaveseko jokalariari eta Uche (40. min), Arambarri (66. min), Nyom (67. min), Juanmi (70. min), Terrats (81. min) eta Soria (85. min) Getafe taldeko jolalariei.