Itxi

Ohar ofiziala

Laporte ezin izango da Athleticen jokalari ibili, momentuz

EITB Media

Leer en Castellano

Bilboko klubak jakinarazi duenez, FIFAk ukatu egin du Aymeric Laportek Athleticen jokatzeko Saudi Arabiako Futbol Federaziotik Nazioarteko Transferentzia Ziurtagiria (ZTB) lortzeko Espainiako Futbol Federazioak egindako eskaera.

Aymeric Laporte. Argazkia: EUROPA PRESS

Aymeric Laportek ezin izango du Athleticen jokatu, momentuz. Horixe jakinarazi du Bilboko klubak, irailaren 3an publikatutako ohar ofizialean. FIFAk ukatu egin du Laportek Athleticen jokatzeko Saudi Arabiako Futbol Federaziotik Nazioarteko Transferentzia Ziurtagiria (ZTB) lortzeko Espainiako Futbol Federazioak egindako eskaera.

Hala ere, klubak gaineratu du Athleticek lanean jarraitzen duela hiru aldeen (Al-Nassr, jokalaria eta Athletic) borondatea behar bezala betetzeko, eta dauden aukera guztiak aztertzen ari da. Horrez gain, Athleticek jakinarazi nahi du Aymeric Laporte talde zuri-gorrira batzen ez bada, akordioak inolako ondoriorik gabe geratuko direla alde guztien artean; hau da, ez duela inolako ondorio ekonomikorik izango Bizkaiko klubarentzat, hiru aldeen arteko kontratuak eteteko baldintzak betez.

Oharrean, Athleticek adierazi du klubak egungo egoera konpontzeko bide guztiak urratu ondoren emango dituela azalpenak. 

Hauxe da gertaeren laburpena, Athelticen arabera, lau puntutan zehaztuta:

1.- Joan den irailaren 1ean, eta araudiak gaitutako jokalarien inskripzio-epearen barruan, Aymeric Laporte Fevre jokalariak, Al-Nassr Football Club Saudi Arabiako klubak eta Athleticek jokalaria Bilboko taldera transferitzea erabaki zuten, baldintza jakin batzuk beteta.

2.- Athleticek transferentzia-eskaera irailaren 1ean igo zuen FIFAren TMS plataformara, baina ezin izan zen egun horretan osatu, gure borondatearekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, eta gure kontroletik kanpo zeuden faktoreengatik.

3.- Irailaren 2an, Espainiako Futbol Federazioak FIFAri eskatu zion balidazio-salbuespena baimentzeko, Saudi Arabiako Futbol Federazioaren Nazioarteko Transferentziaren Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, Athleticek jokalaria inskribatu ahal izateko.

4.- Espainiako Futbol Federazioak irailaren 3an posta elektronikoz jakinarazi zion Athletici FIFAk ukatu egin ziola eskaera eta Nazioarteko Transferentziaren Ziurtagiria lortzeko aukera.

Albisteak (2)

Bideoak (1)