EA Sports Liga
Agirrezabalak eta Vivianen kaleratzeak Athleticen porrota eragin dute (2-0)
I. G. | EITB
Zuri-gorriek utzitako atezainak hainbat geldiketa egin ditu Athleticek gola sartzea saihesteko, eta bigarren zatian Viviani ateratako txartel gorriak bisitarien nagusitasuna hautsi du.
Sancet, Valentziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Athleticek porrot gogorra jaso du Valentziaren aurka (2-0) Mestallan jokatu den EA Sports Ligako 5. jardunaldian, hein handi batean zuri-gorriek Valentziako taldeari utzitako Agirrezabala atezainak lan bikaina egin duelako eta bigarren zatian Dani Vivian kaleratu dutelako.
Lehen zatian, Athletic aurkaria baino askoz gehiago izan da, eta jokoan nagusi izan da hasieratik amaierara. Bisitariek bata bestearen atzean egin dituzte erasoak eta gol aukera ugari izan dituzte, batez ere Sancetek eta Iñaki Williamsek. Agirrezabala bikain aritu da, ordea, eta meritu handiko geldiketak eginez ezerezean utzi ditu bere taldekide ohien jaurtiketak.
Bigarren zatia, aldiz, oso bestelakoa izan da. Ordubete jokoan ari zirenean, eta VARa berrikusi ondoren, Vivian kanporatu dute, txartel gorria aterata, gol aukera argi bat falta eginez gelditzeagatik.
Zuri-gorriek eskema aldatu behar izan dute, eta pauso bat atzera eman dute defendatzeko, baina arrakasta handirik gabe. Santamariak gola egin du 73. minutuan etxeko taldea markagailuan aurretik jartzeko (1-0).
Luzapenean, Durok 2-0ekoa sartu du, Athleticen hirugarren porrota jarraian ziurtatu eta Laporteren itzulera lausotzeko.