Itxi

Berdinketa San Mamesen

Jauregizarren gol batek puntu bat eman dio Athletici Gironaren aurrean (1-1)

EITB Media

Leer en Castellano

Ounahik 9. minutuan sartutako golak abantaila eman dio Gironari Athleticen aurka, eta Lehen Mailako azken sailkatuaren lehen zati ona saritu du. Valverdek bigarren zatia hasi aurretik lau aldaketa egin ditu, eta talde zuri-gorria hobeto ibili da bigarren zatian.

Williams Jauregizar besarkatzen, erdilari bermeotarrak gola sartu ondoren. Argazkia: EFE

Athleticek eta Gironak bana eginda berdindu dute San Mamesen, Mikel Jauregizarrek bigarren zatia hasi eta berehala Azzedine Ounahik bederatzigarren minutuan sartutako gola berdindu. Ondoren, Paulo Gazzaniga atezain argentinarraren geldiketek Kataluniako taldeak porrot egitea saihestu dute.

Azzedine Ounahik bederatzigarren minutuan sartutako golak abantaila eman dio Gironari Athleticen aurka, eta Lehen Mailako azken sailkatuaren lehen zati ona saritu du. Talde zuri-gorria motel eta erritmo barik aritu da lehen zatian.

Vladyslav Vanaten jaurtiketa batekin aukera garbia izan eta 30 segundo geroago, Gironak Ouhaniren bitartez gola egin du. Marokoarrak Bryan Gilek emandako pase bikain bat aprobetxatu du eta Unai Simonek eskuinkadaz jo du sarea.

Lehoien aldetik, Oihan Sancetek aukera ona izan du 24. minutuan, baina baloia gora bidali du penalti puntuan bakarrik zegoenean. 32.ean Donny van de Beek nederlandarra lesionatu egin da, eta Portuk ordezkatu behar izan du.

Atsedenaldiaren ondotik, Valverdek ez du itxaron eta lau aldaketa egin ditu, denak batera, eta Areso, Galarreta, Berenguer eta Yuri sartu ditu zelaian. Txingurrik bigarren zatia hasi aurretik egindako lau aldaketa horiek sari azkarra izan dute, Jauregizarrek areaz kanpotik gola sartu du eta.

Vanatek kontraerasoan Kataluniako taldearen abagune argia alferrik galdu ondoren, Gazzaniga izan da Girona salbatu duena, Paredes eta Berenguerren erremateak modu apartan geldituta.

- Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Unai Simon; Gorosabel (Areso, 46.m), Paredes, Laporte, Adama (Yuri, 46.m); Jauregizar, Vesga (Galarreta, 46.m); Iñaki Williams, Sancet (Robert Navarro, 80.m), Nico Serrano (Berenguer, 46.m); eta Guruzeta.

1 - Girona: Gazzaniga; Hugo Rincon (Lass, 87.m), Alejandro Frances, Blind, Alex Moreno; Jhon Solis (Arnau, 76.m), Ivan Martin; Bryan Gil (Asprilla, 76.m), Van de Beek (Portu, 33.m), Ounahi; y Vanat (Stuani, 87.m).

Golak: 0-1, 9.m: Ounahi. 1-1, 48.m: Jauregizar.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero andaluziarra. Txartel horia erakutsi die Ounahi (68.m) eta Ivan Martin (91.m) Gironako jokalariei.

EA Sports 2025-2026 Ligako seigarren jardunaldiko partida izan da, San Mamesen, 45.739 ikusleren aurrean. Neurketaren atarian, Jamie Carragher ingelesak eta Joelle Murray eskoziarrak, Liverpool eta Hibernian taldeetako jokalari mitikoek, Athleticek ematen dituen One Club Man eta One Club Woman sariak jaso dituzte.

Bideoak (1)