Itxi

Txapeldunen Liga

Athleticek FK Qarabag taldeari irabazi behar dio San Mamesen, sailkapenarekin amets egiten jarraitzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Hasiera batean, Ernesto Valverderen taldearentzako neurketarik errazenetarikoa ematen bazuen ere, ez dirudi lan erraza izango denik, Azerbaijango taldeak txapelketari hasiera bikaina eman baitio, bi garaipen bilduta.

Athleticen entrenamendua asteartean, Lezaman. Argazkia: EFE

Athleticek Azerbaijango FK Qarabag taldea, Txapeldunen Ligako errebelazioa, hartuko du asteazken honetan San Mamesen. Txapelketan lehen puntuak lortzeko eta hurrengo kanporaketarako sailkapenarekin amets egiten jarraitzeko aukera emango dion garaipena bilatuko du talde zuri-gorriak etxean.

Hasiera batean Ernesto Valverderen taldearentzako neurketarik errazenetarikoa ematen bazuen ere, ez dirudi lan erraza izango denik, Azerbaijango taldeak txapelketari hasiera bikaina eman baitio bi garaipen bilduta, Lisboan Benficaren aurka 2-3 irabazita eta etxean Kopenhage 2-0 mendean hartuta.

Athleticen ibilbidea bestelakoa izan da orain arte; izan ere, Arsenal San Mamesen 0-2 nagusitu zitzaion, eta Dortmunden 4-1 galdu zuten lehoiek. Bi partidetan, biak Nico Williams gabe, azken emaitza zigor izugarri handia izan zen Athleticentzat. Talde zuri-gorriak sekula ez ditu hiru porrot jarraian jaso San Mamesen, txapelketa kontinentaletan.

Bizkaiko taldeak bihar dinamika aldatzen hastea espero du, Nico prest dagoela eta Valverdek Ligako azken partidarako, Elxen, erasorako baliabide guztiak berreskuratu ondoren. Nicoz gain, Iñaki anaia, Oihan Sancet eta Alex Berenguer guztiz sendatu direla ematen du.

Williams anaiak hasieratik jokatzea espero da. Elxen, golik gabe amaitu zen norgehiagokan, bigarren zatian atera ziren berdegunera. Era berean, ikusi beharko da Valverdek zer erabaki hartzen dituen, Txapeldunen Ligan aldaketa ugari egin baititu orain arte.

Horrela, Iñaki Williamsek FK Qarabagen aurka jokatzen baldin badu, Athleticekin jokatutako 483 partida ofiziala izango litzateke, elastiko zuri-gorriarekin neurketa gehien jokatu dituztenen zerrendan Jose Maria Oruerekin bederatzigarren tokian berdinduta.

Hamaikako posibleak:

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Lekue; Jauregizar, Rego; Robert Navarro, Sancet, Nico Williams; eta Iñaki Williams.

Karabakh: Mateusz Kochalski; Matheus Silva, Bahlul Mustafazada, Kevin Medina, Elvin Cafarquliyev; Pedro Bicalho, Kady Borges; Oleksiy Kashchuk, Leandro Andrade, Abdellah Zoubir; eta Camilo Duran.

Epailea: Igor Pajac (Kroazia).

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 18:45

Bideoak (2)